Ikasturte hasieran mamua zelatan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko ira. 28a, 10:00

Aiora Larrañagak KARKARAren 420.zenbakian argitara emandako artikulua, 'Iritzia' atalean.

Iritsi da udan zehar hainbat aldiz aipatutako eskolara buelta, eta ikasturte konplexua izango dela antzeman daiteke, COVID-19tik babesteko kontigentzia plan, protokolo, maskara, musuko, gel hidroalkoholiko edo distantzia sozialaren artean. Udan hainbatetan entzun dugu eskolara bueltak ekarriko zituen arriskuen berri, eta Euskal Herriko zenbait ikastetxe ere itxi dituzte, azken egunetan hainbat kasu positibo atzeman dituztelako. Hain zuzen, osasun arloko zenbait adituk haurrak eskolara itzultzea egokia izango ote zen zalantzan jarri dute udan, kutsatu kopuruak gora egingo duenaren beldurrez. Ez dut ezbaian jarri nahi beren iritzia, kezka mahai gainean jartzea zilegi baita, baina gizarte batek lehentasunak zehaztea ezinbestekoa iruditzen zait; are gehiago, udan hondartza, moila ingurua, arranpla eta terrazak beteta egon direnean, eta, babes neurriak hartuz bada ere, aisialdi jarduera gehienak egin eta batetik bestera ibili ahal izan dugunean. Hau da, oztopoak oztopo, gure aisialdiaz gozatu ahal izan badugu, nola jarriko dugu zalantzan ikasleak aurrez aurreko eskoletara bueltatzeko aukera.

Iraila iristen ari zen heinean, zalantzak eta beldurrak sortu zitzaizkigun gurasooi, konfinamenduaren mamua zelatan, ez genekielako zer gertatuko zen ikasturte berrian eta nola antolatu beharko genuen etxeko martxa. Eusko Jaurlaritzak, gainera, abuztuaren 28an, irakasleak ikasgelara bueltatzeko bi egun eskas falta zirenean, zehaztu zituen 2020-2021 ikasturtean jarraitu beharreko neurriak. Ikastetxeetako zuzendaritza taldeak ordurako lanean ziren, eta buru-belarri martxan jarri ziren uztailean osatu zituzten protokoloak araudi berrira moldatu ahal izateko.

Ikasturteko lehen egunetan, hain zuzen ere, Orioko ikastetxeetako ordezkari banarekin biltzeko aukera izan nuen, eta gauza bat argi geratu zitzaidan: bi eskoletako lan taldeek haurren ongizatea dute helburu uneoro, eta lan handia egiten ari dira hasi berri den ikasturtea ahal den seguruena eta normalena izan dadin. Hala, gurasook kezkatuta egon gaitezke, baina konfiantza izan behar dugu orain arte gure seme-alaben hezkuntzan bidelagun izan ditugun irakasle eta hezitzaileengan ere.

Nik neuk uste dut udaberrian bizi izan genuenak irakasgaia izan behar duela, eta ahal duguna egin behar dugula berriz gertatu ez dadin. Haurren aurrez aurreko hezkuntzak lehentasuna izan behar du, eskolak edukiak ikasteko guneak izateaz gain, sozialetzeko eta pertsona moduan garatzeko espazioak direlako, eta ordenadore pantaila batek ezin duelako ordezkatu eskolak haurrei ematen diena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!