Erresilientzia eta superbibentzia

Erabiltzailearen aurpegia Eli Huegun 2020ko ira. 29a, 13:51

Eli Huegunek KARKARAren 420.zenbakian argitara emandako artikulua, 'Moila bazterretik' atalean.

Zer den ba urte berria hastea aurrekoa noiz amaitu den oso garbi eduki gabe. Bai, irakurle, amaitu da uda, hasia da denboraldi berria, edozeren, guztiaren, denboraldi berria. Ez dakiguna da noiz arte iraungo duen. Edo noiz arte iraungo duen bere horretan, iraungo badu behintzat.

Nola hasi berriz aurrekoarekin amaitu ez bada? Nola itzultzen da sekula joan ez dena? Nora itzultzen da sekula joan ez dena?

Ez da erraza erantzuten. Pandemiak pertsona adina bizipen utzi dizkigu azken hilabeteetan eta, beraz, aldez aurretik diot ez esatekorik balego, mesedez, barkazioa emateko.

Lanerako bueltaren lehenengo astea amaitu berri dut eta itxialdiko hilabete bat baino luze eta astunagoa egin zait. Aspaldiko urteetan lehenengo aldiz ari naiz sentitzen iraileko aldapa, aurrean daukazunarekiko bertigo eta nagikeria hori. Ez daukat oso garbi noiz bukatu zen aurreko ikasturtea eta horrela, oso arraroa egiten zait datorrenari ekitea. Berria izango da guztia, baina aurrekoaren segida modura baino ezin dut bizi.

Datorkiguna aurreikusten saiatzeak neke mentala eragiten dit. Ziurrenik ez dakigulako bi aste barru gure bizitza nora zabaldu ahal izango dugun. Eta hori pentsatuaz igaro ditut azken asteak. Ez da eteterik egon, jarraipen bat soilik. Zirkulu konstantean indarrak kargatzea zail samarra, ezta?

Azkenaldi honetan, pare bat kontzeptu etorri zaizkit  pentsamendura hainbatetan. Erresilientzia da lehenengoa. Orduko pisukide batek horri buruz egin zuen Gradu Amaierako Lana, eta orduan entzun nuen nik lehen aldiz (nik dakidala). Pertsona batek zailtasun egoera batera egokitzeko daukan gaitasuna dela esan daiteke. Zergatik ez dakit, baina ikastea gehien gustatu zaidan hitz horietako bat da.

Bigarren kontzeptua kontingentzia modura bizirik irautea da, superbibentzia, ezer gertatzea zerbait gertatzea baita. 

Zalantzatan nago kausalitatea ote den eta ez kasualitatea kontzeptuok gogoratu izana. Bizirik diraugunok modu berriak asimilatu beharko ditugulako behin eta berriz eta ahalik eta azkarren. Erresiliente izatea komeni, irakurle, ez bizirauteko, bizirik jarraitzeko baizik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!