Lana aldi baterako erregulatzeko neurri bereziak urtarrilaren 31ra arte luzatuko ditu Madrilek

CCOO eta UGT sindikatuekin eta patronalarekin hitzartu ditu erregulazioak gauzatzeko baldintzak. Zerrenda batean sartu dituzten sektoreetako enpresek baliatu ahal izango dute araudi berezia, eta soilik pandemiari lotutako arrazoiengatik. Gainerakoek, agerraldiei lotutako erregulazioak eskatu ahal izango dituzte, eta horretarako nahikoa izango da euren jarduera mugatuta egotea. Urola Kostan, oraindik ere, dozenaka langile daude aldi baterako erregulazioen eraginpean. 

Espainiako patronalaren eta CCOO eta UGT sindikatuen oniritziarekin, aldi baterako enplegu erregulazioak urtarrilaren 31ra arte luzatuko ditu Espainiako Gobernuak gaur, ministroen kontseiluan onartuko duten dekretuaren bidez. Urola Kostako dozenaka langileri eragingo die horrek, oraindik ere badirelako koronabirusak emandako kolpeari eutsi ahal izateko enplegua erregulatzeko neurriak indarrean dituzten enpresak.

Patronalaren eta sindikatuen babesik lortu ezean ere, aurrera egiteko asmoa zuen Espainiako Gobernuak, baina, azkenean, erregulazio horien baldintzak beste bi aldeekin hitzartzea lortu du. Sindikatuek atzo eman zioten oniritzia gobernuaren proposamenari, eta gaur eman dio patronalak.

Madrilek eragotzi egin nahi zuen enpresek araudi berezia baliatzea koronabirusarekin lotura ez duten arrazoiengatik. Horregatik, lana aldi baterako erregulatzeko txostenak pandemiari lotuta soilik eskatu ahal izango dituzte zerrenda batean dauden sektoreetako enpresek. Urrian eta azaroan Gizarte Segurantzaren kotizazioetan %75etik %85era arteko deskontuak izango dituzte enpresa horiek, tamainaren arabera; eta abenduan eta urtarrilean, %60koak eta %50ekoak.

Horiez gain, agerraldiekin lotutako erregulazioak eskatzeko aukera ere izango dute enpresek, horien jarduera edozein dela ere. Uztailaren 1etik, txosten berezi horietara jo dezakete enpresek, goi aginduz itxi behar izan badute enpresa, eta aurrerantzean nahikoa izango dute mugak edukitzea; adibidez, tabernek ezin zerbitzatzea barran.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!