Osasun Sailak lau positibo atzeman ditu asteburuan Orion

Julene Frantzesena 2020ko urr. 5a, 14:06

Aurreko asteburuan ere kasu kopuru bera zenbatu zuen Osasun Sailak herrian. Aian, aldiz, ez dute positiborik zenbatu azken egunetan. 

Osasun Sailak asteburuan gauzatu dituen PCR proben emaitzek aurreko asteburuko joerari eusten diote. Izan ere, lehengo asteburuan 48 positibo zenbatu zituen Osakidetzak Urola Kostan, eta oraingoan, berriz, 51 izan dira ostirala eta igandea bitartean positibo eman duten eskualdeko herritarrak.

Orion lau positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan. Osasun Sailak lau kasu atzeman zituen herrian joan den asteburuan ere. 

Urola Kostako gainerako kasuetako gehienak Azpeitian eta Azkoitian atzeman dituzte: hamasei eta hamairu, hurrenez hurren. Gainerako positiboak Zarautzen (hamar), Zumaian (lau) eta Errezilen nahiz Zestoan (bina) detektatu dituzte.

Ospitaleratzeek gora egin dute

Osakidetzak 22.210 PCR proba gauzatu ditu azken hiru egunetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta proba horietan 1.032 positibo atzeman ditu; hau da, proba egin duten herritarren %4,6k eman dute positibo –herritarren %4,9k eman zuen lehengo astean–. Lurraldekako datuei erreparatuta, Bizkaian 486 kasu atzeman zituzten ostirala eta atzo artean; Gipuzkoan, 373 positibo; eta Araban, 153. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren hogei lagunek ere eman dute positibo asteburuan.

Gainera, RO indizeak behera egin du ostiraletik igandera: ostiralean 0,99 zen, eta 0,92 igandean. Dena den, ostiralean baino ia 3.000 PCR gutxiago egin zituzten atzo. Atzoko datuen arabera, 245 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan koronabirusa tarteko, horietatik 59 daude ZIUn –joan zen astelehenean baino lau gehiago–. Asteburuan, guztira, 79 lagun ospitaleratu dituzte, aurreko asteburuan baino zortzi pertsona gehiago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!