Ez dute positibo berririk detektatu Aian eta Orion

Andoni Elduaien 2020ko urr. 9a, 13:58

Atzo 9.502 PCR proba egin zituen Osasun Sailak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta guztira 458 kasu positibo hauteman zituen. Orion kasu berri bakarra atzeman zuten herenegun, eta bi astelehenean.

Osasun Sailak 28 kasu positibo berri zenbatu ditu azken orduetan eskualdean, baina bat bera ere ez Aian eta Orion. Atzoko kasu gehienak Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian zenbatu zituen Osasun Sailak; hiru herrietan zazpina kasu hauteman ditu. Azkoitian, berriz, sei kasu atzeman ditu eta bat Errezilen. Eskualdeko beste herrietan ez dute kasu berririk detektatu.

Azpeitian azken zazpi egunetan 51 kasu baieztatu ditu Osasun Sailak, Azkoitian baino bat gehiago. Azkoitian asteazkenean abiatu zuen Osakidetzak baheketa selektiboa, eta ordutik 2.000 azkoitiarrek egun dute PCR proba Gurea pilotalekuan. Gaurko beste 700 herritarrek dute hitzordua hartuta proba egiteko. Osasun Saileko iturriek, ordea, ez dute zehaztu azken bi egunetan Azkoitian jakinarazitako positiboak Gurea pilotalekuan egindako baheketa selektiboko emaitzak diren.

Hain zuzen ere, Azkoitia da 10.000 biztanletik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri eta hiri guztien artean tasa handiena duen herria. 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 717,32koa da Azkoitian, eta haren atzetik dago Azpeitia, 524,74ko tasarekin. Bi herri horietan goranzko joera du intzidentzia tasak.

Hego Euskal Herriko egoera

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoko datuak ere eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Atzo 9.502 PCR proba egin zituen Osasun Sailak hiru lurralde horietan eta guztira 458 kasu positibo hauteman zituen, hau da, proba egin zutenen %4,82ak eman du positibo. Lurraldeka aztertuta, Bizkaian zenbatu dituzte kasu positibo gehien: 198 kasu guztira. Gipuzkoan, aldiz, 191 kasu detekatu ditu Osakidetzak eta 61 kasu Araban. Horrez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren zazpi laguni ere positiboa detektatu diete.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan 237 pertsona daude gaur gaurkoz ospitaleratuta, atzo baino bat gutxiago. Atzo beste 37 lagun ospitaleratu behar izan zituzten hiru lurraldeetan, Osasun Sailaren arabera COVID-19 gaitzaren sintomekin. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), berriz, 52 pertsona daude.  Oinarrizko birsorkuntza tasa edo RO indizea, aldiz, 1,04koa da hiru lurraldeetako datuak batuta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!