Musika, zahartzaroan —ere— onuragarri

Aiora Larrañaga Solaberrieta / Iñigo Gaiton 2020ko urr. 10a, 15:00

Do Re Ni ikerketaren barruan, Eusko Ikaskuntza musikalarekin boluntarioak estimulatu nahi izan dituzte, musika terapia zahartzaro aktiboa izateko onuragarria dela erakusteko.

Do Re Ni proiektuko boluntarioak ikerketa prozesuan murgilduta daude bete-betean, eta lehengo asteburuan, egiten ari diren lanaren zati bat jendaurrean erakutsi zuten. Izan ere, proiektuko partaideek Eusko Ikaskuntza musikala eman zuten estreinakoz Karela kiroldegian.

Do Re Ni proiektuaren zuzendari Xabier Lizasok azaldu duenez, musikala aitzakia bat da ikerketarako, ariketa praktiko bat. "Helburua da zientifikoki frogatzea musika terapia oso onuragarria dela zahartze aktiboa lortzeko. Hala, lehen lanketan boluntarioak estimulatzea izan dugu helburu, eta, horretarako, emozionalki esperientzia bizia eta indartsua sortu nahi izan dugu, batez ere denbora gutxi dugulako proiektua garatzeko", adierazi du. Hasiera batean, proiektu luzeagoa egiteko asmoa zuten, baina ikerketa motza egiteko finantzazioa lortu du Do Re Nik, eta COVID-19aren pandemiak are gehiago murriztu du denbora tartea.

Dena dela, proiektuak aurrera jarraitzen du, eta Lizasok zehaztu duenez, Osakidetzako hainbat espezialista boluntariorekin ere bildu dira, haien bizipenak ezagutzeko. Osakidetza musika terapiak eskaintzen dituen aukerak aztertzen ari da, eta horregatik jo dute Do Re Ni-ko partaideengana.

Garunaren estimulazioa
Arduradunek bi multzotan banatu dituzte boluntarioak ikerketa egiteko: aktiboak eta pasiboak. “Espero duguna da, aste hauetako esperientzia bizi izan dutenek emaitza hobeak ematea garunaren estimulazioari dagokionez, jaso ez dutenek baino”, zehaztu du Lizasok.

Izan ere, garunak momentu batzuetan lan gehiago egiten du beste batzuetan baino. “Erresonantzia magnetikoa asmatu zutenean, neurozientziaren ordura arteko oinarriak erori egin ziren. Garunak jardunik handiena noiz duen jakitean, zientzialariak harrituta geratu ziren: lo gaudenean, begiak itxita ditugunean eta musika egitean. Hiru une horietan, etengabe aritzen da lanean”.

Musika garunaren gimnasia dela esan izan da. “Gorputzaren zaintza fisikoari garrantzia handia ematen diogun bezala, garunari oraindik ez diogu behar duen arreta eskaintzen”, dio Lizasok. Musikak zientifikoki balio handia duela ikusi da azken urteetan, eta kultura edo aisialdirako garrantzitsua izateaz gain, osasun arlorako ere balio duela azpimarratu du.

Eusko Ikaskuntza musikala
Do Re Ni ikerketako boluntarioek hilabete egin zuten egunero Arraunetxera joaten, musikala presatzera. Han, Lizaso eta beste espezialisten gidaritzapean, kantua eta dantza landu zituzten egunero, bi ordu eta erdiz. Eusko Ikaskuntzaren inguruko musikalak islatu zuen hilabetez egindako lanaren emaitza.

Lizasoren esanetan, Eusko Ikaskuntza erakundea sortu zutenek erabaki nobleak hartu zituzten garai hartarako, eta, horri aitortza egiteko erabaki zuten gaia musikalerako aukeratzea: “Ez nuen Eusko Ikaskuntzaren sorrera ondo ezagutzen, eta ETBn dokumental bat ikusten ari nintzela, egin zutenaren balio ikaragarriaz jabetu nintzen. Horrek bultza ninduen musikala gaiaren bueltan egitera”, adierazi du. Erabaki noble horiek izan ziren, besteak beste, emakumeek gizartean beste toki bat izan behar zutela azaltzea, hezkuntza zentroen garrantzia aldarrikatzea, euskarak munduan tokia izan behar zuela adieraztea,… “Lehen Mundu Gerrak iraun zuen bitartean, dirutza sartu zen Euskal Herrian. Bizkaiko ontzioletan itsasontziak egiten ziren atzerrian saltzeko; Gipuzkoan, berriz, armak. Hala, diruaren zati bat Eusko Ikaskuntzan inbertitzea erabaki zen, gizarte hobea sortzen”, zehaztu du Lizasok.

Eusko Ikaskuntza Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Foru Aldundiek sortu zuten 1918an, eta, haren sorrera, mugarria izan zen euskal kultura-modernitatearen hasieran. Oñatin egin zen erakundearen aurreneko kongresua, eta hamarkadaz hamarkada, lan zientifiko eta kultura garatzen dihardute gaurdaino.

Boluntarioen lan “bikaina”
Musikalean antzerkia, kantua  eta dantza uztartu dituzte erakundearen sorrera azaltzeko, eta Xabier Lizasok aitortu du boluntarioak lan “bikaina” egiten ari direla. "Gainera, giro ederra sortu da parte hartzaileen artean. Oso gustura nago egiten ari garen lanarekin. Taldekideen erdiak edo musikaren munduan ibilitakoak dira, baina gainerakoentzat, guztiz berria da gaia. Horregatik, hasieran saiatu ginen kantatzeko eta buruz ikasteko erraza zen obra konposatzen, musikal batek izan dezakeen konplexutasuna arintzeko». Dena dela, entseguekin hasi orduko, Lizaso ohartu zen nahikoa azkar eta ondo ikasten ari zirela boluntarioak, eta aldaketak egin zituen plangintzan, «ez genuelako errazegia izaterik nahi".

Kiroldegian egindako musikala, kontzientzia handiarekin prestatu zuten, xehetasun guztiak kontutan hartuz: jantziak, orrazkera, makillajea, argiak... "Oso serio hartu dugu ikuskizuna, uste dugulako horrek ere boluntarioak estimulatzeko balio duela", adierazi du proiektuaren zuzendariak. 

Aurrera begira

Datozen asteetan, boluntarioei berriro kontrolak egingo dizkiete ikerketako arduradunek. Gero, eskuratutako datuak aztertuko dituzte, eta azkenik, txostena osatuko dute. “Azken dokumentua eskuartean dugunean, atzerriko espezialistak etorriko dira, azterketaren emaitzei haien oniritzia ematera”, eman du jakitera Lizasok. Espezialistekin bilera abenduaren 11ean egitea espero dute, eta, dena ondo bidean bada, abenduaren 19an bukatuko da prozesu osoa, emaitzak argitara emanez.

Aurrera begira, ikerketa sakonago bat egitea gustatuko litzaioke Lizasori. “Zoritxarrez, hasieran espero baino denbora tarte laburragoan egin behar izan dugu dena. Horrek ekarri du lagina —aztertutako jende kopurua— txikiagoa izatea; beraz, ikerketak ez da nahi bezain sakona izan. Neurologia esparruko ikerketek 4 edo 5 urteko iraupena izatea nahikoa ohikoa da; Do Re Ni-ren lehen edizio honekin indarra hartu nahi dugu, aurrerago saiakera handiago bat egiteko. Europara joko dugu baliabide gehiagoren bila”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!