Korrika 2022. urtera atzeratu dute

Andoni Elduaien 2020ko urr. 16a, 12:15

2021eko martxoan egokitzen zen 22. Korrika, baina AEK-k urtebete atzeratzea erabaki du euskararen aldeko ekimena.

22. Korrika 2022. urtera atzeratu du AEK-k. Datorren urteko martxoan Gasteizen hastekoa zen Korrika, baina egungo osasun egoera ikusita, urtebete atzeratuko dute euskararen alde Euskal Herria zeharkatzen duen ekimena. "Bizi dugun egoerak argi erakutsi digu apalak eta zuhurrak izan behar dugula, eta, beraz, erabakirik onena delakoan gaude", azaldu dute AEK-tik gaur goizean Donostian egin duten agerraldian. 

AEK-k uste du, epe motzean zein ertainean, ez dela osasun egoera kontrolatuko, eta herritar ugarik modu bateratuan parte hartzen duen ekimena atzeratzea erabaki dute ondorioz, transmisioa "ahalik eta gehien murrizteko". Erabaki "latza" dela azaldu dute antolatzaileek. "Euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena da, eta badakigu euskararen aldeko bultzada ezin dela apaldu", gaineratu dute. Korrikak duen garrantziaz "jakitun" direla azaldu dute AEK-ko kideek, eta horregatik esan dute "beharrezkoagoa" dela ekimena guztiak desiratzen duten baldintzetan egitea. "Korrikak, euskarak bezala, kalea behar du, bizia, mugimendua; hori errepidera ateratzen direnek ematen digute, kalera irteten direnek".

Kolpe handia euskaltegientzat

Korrika dagokion urtean ez egitea "kolpe handia" izango dela azpimarratu du AEK-k, izan ere euskaltegietako lana "ekonomikoki babesteko" balio du euskararen aldeko ekimenak. Hala, AEK-k agerraldia baliatu du helduen euskalduntzea aldarrikatzeko. "Inbertsioak areagotu behar dira. Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak, urratsak egin badira ere norabide egokian", azaldu dute.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!