Koronabirus kasu bat atzeman dute Orion azken orduetan

Anartz Izagirre 2020ko urr. 21a, 13:19

Eskualdeko ia herri guztietan zenbatu dituzte koronabirus kasu berriak, eta Zumaian izan da igoerarik handiena. Gipuzkoan kasuek gorantz jarraitzen dute, eta 533,61eko intzidentzia tasa du uneotan.

Egoerak txarra izaten jarraitzen du eskualdean, eta ia herri guztietan atzeman zituzten atzo, asteartea, koronabirus kasu berriak; izan ere, 11 herrietatik 8tan egon dira PCR probetan positibo eman duten herritarrak. Igoerarik handiena Zumaian izan da, hamasei kasu zenbatu baitzituzten bertan atzo—herenegun bost izan ziren—, eta 916,03ko intzidentzia tasa du uneotan. Azpeitian eta Azkoitian beherantz egin dute positiboek; sei eta bi kasu atzeman dituzte herri horietan hurrenez hurren, baina oraindik ere 1.000tik gorako intzidentzia tasa izaten jarraitzen dute bi herriek. Hain zuzen ere, bi herri horiek eta Zumaia dira semaforo gorrian dauden eskualdeko herriak. Gainontzeko herrietan honakoak dira datuak: Zarautzen sei, Errezilen lau, Getarian hiru, Zestoan bi eta Orion bat. Aian, Aizarnazabalen eta Beizaman, aldiz, ez dute kasurik atzeman.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 819 pertsonak —Gipuzkoan, 377k— eman zuten atzo positibo PCR probetan, herenegun baino 194 herritar gehiagok, eta hiru lurraldeetako intzidentzia tasarik altuena Gipuzkoak du, 100.000 biztanleko 533,61eko tasa baitu. Horren harira, Gipuzkoako Foru Aldundiak bilera telematikoa egin zuen lurraldeko alkateekin, eta Markel Olano ahaldun nagusiak harreman sozialak “ahalik eta gehien” mugatzeko esatu zien gipuzkoarrei. 

Bestalde, erietxeetako gaixoen kopuruak ere goranzko joera du, eta 328 pertsona daude egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan; atzo 53 ospitaleratze berri izan ziren, herenegun baino zortzi gehiago. ZIUn, berriz, 59 pertsona daude oraindik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!