Koronabirus kasu bana atzeman dute Orion eta Aian

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 22a, 13:21

Semaforo gorriak martxan jarraitzen du eskualdean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 83 kasu zenbatu ziren Urola Kostan. Azpeitian, Azkoitian eta Zumaian izan dira kasu gehien.

Argi gorriak are eta biziagoak dira eskualdean. Beste 83 kasu zenbatu ditu Osakidetzak Urola Kostako herrietan. Azpeitian detektatu dituzte kasu gehien, 35 kasurekin. 100.000 biztanleko azken 15 egunetan 1.321,82ko intzidentzia tasa du Azpeitiak azken datu hauen arabera. Azkoitian ere datuak kezkagarriak dira, beste 21 positibo atzeman dituztelako. Intzidentzia tasa 1.059, 30ekoa da une honetan. Zumaian ere ez du etenik positiboen zenbaketak. Beste 17 kasu zenbatu ditu Osasun Sailak eta intzidentzia tasa 1.000tik gorakoa da une honetan: 1068,70 hain zuzen ere.

Eskualdeko beste bost herritan ere izan zituzten atzo positiboak: Errezilen lau –4.299,36ko intzidentziarekin–, Zarautzen hiru, eta Zestoan, Orion eta Aian bana. Getarian, Beizaman eta Aizarnazabalen ez dituzte kasurik zenbatu. 

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.470 PCR proba egin dituzte, eta guztira 1.033 positibo zenbatu dituzte. Hiru herrialdetako intzidentzia tasa 418,28an kokatzen da une honetan. Gipuzkoan zenbatu dituzte kasu genien, 503 positiborekin; intzidentzia tasa 576,97ra igo da datu hauen ondoren. Bizkaian beste 423 kasu izan ziren atzo (338,54ko tasa), eta Araban 96 (311,62ko intzidentzia tasa).

Pandemiak azken asteotan izan duen igoera kezkagarriaz jakitun, gaur arratsaldean elkartuko da Euskadiko planaren aholku batzordea (LABI) 5.000 biztanletik gorakoak diren eta 100.000 biztanleko 500dik gora positiboko tasa duten herrietan zer neurri hartu dezaketen aztertzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!