Gure gain

Jabier Zabaleta 2020ko urr. 23a, 14:51
Carme Junyent. Argazkia: Wikipedia

Jabier Zabaletak KARKARAren 421.zenbakian argitara emandako artikulua, 'Euskara' atalean. 

Irakurri berri dut, irailean, Carme Junyent hizkuntzalari katalanaren «El futur del català depen de tu» liburua («Katalanaren etorkizuna zure gain dago»). Carme Junyent oso kezkatuta agertzen da katalanak daraman martxa eskasarekin eta, besteak beste, esaten du, ezer aldatzen ez bada, hizkuntza galbidean izan daitekeela hemendik 20 urtera, 2040an, erabileraren oraingo gainbeherak segitzen badu eta datorren belaunaldian katalanaren etxeko transmisioa eteten bada.

Horrelako kontuak irakurri eta euskaldun euskaltzalearen aurreneko inpresioa da: «Ai, ama! Aditu katalanek hori esaten badute, zer ez ote dugu guk esan behar, askoz egoera okerragoan gaude-eta?». Atera kontuak: Katalunian, gaur egun, biztanleen %94,4k ulertzen du katalana eta %81,2 da hitz egiteko gauza (Euskal Herrian horrelako datuak ez dauzkagu ezta Orion ere!). Eta ez hasi gurearekin konparatzen hango prentsa, liburugintza, ikus-entzunezko sektorea, katalanezko kulturaren indarra, politikarien erabilera, eta abar, negargura sartuko zaigu-eta.

Eta, hala ere, gaiaz gehien dakienetako batek (inor gutxik ukatuko dio meritu hori Carme Junyent-i) alarma gorria pizteko premia sentitu du, kontzientziak astindu eta aldaketa probokatzeko.

Euskararen etorkizuna, gure gain

Denbora luzez uste izan dugu, Euskal Herrian bezala Katalunian ere, instituzioek eta eskolek biziberrituko zutela gure hizkuntza, eta hor jarri ditugu indarrak. Hori bultzatu dugu nagusiki. Eta ez da, inolaz ere, gutxietsi behar. Gurean, behintzat, gogotik bultzatzen segitu beharko dugu bide hori, ibiltzeko tarte luzea geratzen zaigu-eta oraindik.

Carme Junyent-ek dio, ordea, hiztunen kontzientzia dela, batez ere, indartu beharrekoa; hori dela giltzarria katalanaren egoerari buelta emateko. Katalana indartuko bada, behar-beharrezko dituela hiztun kontzienteak, beti eta non-nahi katalanez egingo dutenak, inertziak astinduz. Horiek bermatuko dutela hizkuntzaren geroa.

Norbanakoaren erantzukizunari egiten dio dei Carme Junyent-ek eta, horrekin batera, egoera iraultzeko, askoren ekarpena beharko dela ere esaten du: askoren «revolta» bat.

Euskaraldia da gure «revolta»ren hazia

Carmeren esanak ezagunak egin bazaizkizu, ez da harritzekoa, Euskaraldiak gauza berbera esan baitigu euskaldunoi hasiera-hasieratik: gutako bakoitzaren baitan dagoela hizkuntza-ohiturak aldatzea eta euskara gero eta gehiago erabiltzea; ez du inork gugatik egingo, guk hartu behar dugu erabakia; hori bai, gizartearen babesarekin eta ingurukoen laguntzaz.

Euskaraldia ekimen xumea da: 15 eguneko ariketa bat besterik ez, aurtengo bertsioan; baina askori aukera ederra eskainiko dio hizkuntza-ohiturak aldatzen hasteko eta euskaraz gehiago egiteko, gehiagotan eta jende gehiagorekin. Xumeegia delako baztertzeko tentaldia izan dezakete batzuek, baina ez da gutxietsi behar lehen pausoaren indarra.

Hasieran esan dut, hizkuntza-kontuetan, katalanen oso atzetik gabiltzala parametro gehienetan, baina, hara! haiek ez dute Euskaraldiaren pareko ekimen zabal eta indartsurik gizartea aktibatu eta katalanaren erabilera bultzatzeko. Eta uste dut hartuko luketela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!