Abian da Errigoraren udazkeneko kanpaina

Onintza Lete Arrieta 2020ko urr. 27a, 08:00
2013an hasi zuten Nafarroan kanpaina berezi hau.

Abian da Errigoraren kanpaina berria, eta oraingoan saskiko bost euro gehiago eskatuko dute, pandemiaren krisiagatik ez delako egin ikastolen jairik, eta Korrikarik ere ez delako izango 2021ean. Orion Ikastolan egin daiteke eskaera.

Bertakoa jatea eta osasungarria jatea hautu pertsonala da, baina erabaki horrek baditu ondorioak inguruko ekonomian. Errigora egitasmoa martxan denetik, berriz, ekonomian ez ezik, euskararen orainean eta etorkizunean ere badu eraginik. Izan ere, Nafarroa hegoaldeko jakiak erostean ordaindutako diru kopuruaren %25 bideratzen dute Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintza sendotzera 2013. urtetik.

Udazkeneko kanpaina abian da pasa den larunbatetik, eta azaroaren 12ra arte iraungo du. Tarte horretan, herritarrek aukera izango dute Errigora saskiak erosteko, eta hala, euskarari laguntzeko. Zainzuriak, orburuak, olioa, kardua, ardoa, barazki-menestra, patxarana eta gozoak bezalako jakiak daude aukeran.

Oraingoan are elkartasun gehiago

Kanpaina hau garai berezian dator. Izan ere, COVID-19 birusak eragindako krisiagatik bertan behera gelditu dira euskalgintzaren zati batentzat diru iturri garrantzitsuak diren egitasmoak, hala nola ikastolen jaiak eta 2021ean ospatzekoa zen Korrika.

Hain zuzen, Errigorako arduradunek jakinarazi dute aurten  «elkartasuna biderkatu» nahi dutela. «Egoera honen aurrean ardura hartu nahi izan dugu eta, beraz, saski bakoitzeko bost euroko ekarpen gehigarria eskatuko diegu herritarrei». Laguntza hori AEKri, Seaskari eta Sortzeni emango diote. Saski beltzak 55 euro balioko ditu, eta trukean, saskiaz gain Korrikaren katilua jasoko du erosleak. Saski berdeak 65 euro balio ditu, eta Seaskaren egutegia ere jasoko dute eskatzaileek. Saski zuria, azkenik, 75 euroan dago salgai. 

Euskarari Puzka izena du udazkeneko kanpaina honek, eta informazio gehiago eskuragarri dago errigora.eus atarian.  

Gune bakarra Orion eta Aian

Herriz herri, hainbat eratako eragileek egiten dute bat kanpainarekin, eta gure herrietan, toki bakarrean egin daiteke eskaera: Orioko Ikastolan.

Urola Kostan guztira hogeita bost tokitan jaso ahalko dira Errigora saskiak:
Azkoitia. AEKn, Etxe-aitz tabernan, Hizki papertegian, Lujanen, Oreka bioelkartean, eta Maxixatzenen. 
Azpeitia. Elikagunean, Baigeran, Ikasberri Ikastolan, Orkatz kultur elkartean eta Soreasuko Dinamoan.
Orio. Orioko Ikastolan.
Zarautz. AEKn, Eguzki tabernan, Lakarin, Orokieta Ikastetxean, Oteitza Lizeoan, Salbatore Mitxelena Ikastolan eta Errigora gunean. 
Zestoa. AEKn eta Portale kultur elkartean.
Zumaia. AEKn, Ilargi tabernan, Inpernupe tabernan eta Errigora gunean.

Zer dakar saski bakoitzak?

Saski beltza(55 euro)

Orburuak
Pikillo marmelada
Pikillo piperrak
Zainzuri zuriak
Teilak
Tomate frijitua
Mertxika almibarretan
Oliba-olio birjina estra
Kardua
Mahats-zukua
Botila ardoa
Piper-mamia
+
Korrikaren katilua

Saski berdea (65 euro)

Txitxirioak
Ardo-ozpina
Oliba-olio birjina estra
Barazki-menestra
Pasta
Orburuak
Pikillo piperrak
Arroza
Zainzuri zuriak
Botila ardoa
Udare-zukua
+
Seaskako egutegia

Saski zuria (75 euro)

Orburuak
Pikillo piperrak
Zainzuri zuriak
Botila kriantza
Txokolatezko zigarretak
Patxaran-pastak
Patxarana
Oliba-olio birjina estra
Ardo zuri apartsua
Arbendol-polboroiak
+
D ereduaren hazia (Sortzeni laguntza)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!