Zaintza esparruko langileak grebara deitu ditu ELA sindikatuak

Maria Maya Manterola 2020ko aza. 11a, 15:48

Etxez etxeko langileek nahiz adinekoen egoitzetakoek kaleak hartuko dituzte azaroaren 17an. Zumaian egingo dute Urola Kostako mobilizazio nagusia; zaintza profesionala, publikoa, duina, unibertsala eta doakoa aldarrikatuko dute.

Egoera bereziki kaltebera duten pertsonak zaintzeko ardura duten langileek azaroaren 17an greba egingo dute Hego Euskal Herrian, ELA sindikatuak deituta. Urola Kostako zaintza esparruko langileek prentsaurrekoa egin dute gaur Zumaian, grebaren eta sektoreak egun bizi duen egoeraren berri emateko. Zumaian bertan izango dute grebako hitzordu nagusia: Beheko plazan elkarretaratzea egingo dute, 11:30ean hasita. Adinekoen egoitzetako langileak, etxez etxeko langileek, adin txikikoak zaintzen dituztenak zein aniztasun funtzionala dutenekin lan egiten dutenak egingo dute bat protestarako. 

Zaintza profesionala, publikoa, duina, unibertsala eta doakoa aldarrikatuko dute astearteko greba egunean langile horiek. Janire Diaz ELA sindikatuko kidearen hitzetan, pandemiak agerian utzi ditu “zaintza sistemak gaur egun bizi dituen gabeziak”. Diazek azaldu du “pribatizazioaren eta negozioaren mesedetan” eraikitako sistema dela, eta emakumeen bizkar gainean jartzen duela zaintza lanen ardura guztia. “Gainera, diru publikoarekin finantziatzen da, langileak gero eta gehiago prekarizatuz”, gaineratu du. 

“Dramatikoa” da esparru horretan gertatzen ari dena, zaintza langileen esanetan. Langileak nekatuta daudela esan dute, eta baita egoiliar eta langileak kutsatu izanaren zama langileak eraman dutela ere. Egoera horren aurrean, Aldundiak “inprobisatu” egin duela uste dute, egoera mozteko beharrezko neurriak hartu beharrean. Zumaiako San Juan egoitzako langileen egoera aipatu dute: “Daukaten nekea eta estres maila jasanezina da”. Langileek beraien eta egoiliarren osasuna arriskuan jartzen dutela adierazi dute, eta beren hitzetan, “instituzioak dira horren arduradun zuzenak; interes ekonomikoak lehenesten dituzte pertsonen gainetik”. 

Zumaiako etxez etxeko langileen borroka ere gogora ekarri du Diazek. “Hiru urte daramatzate lan baldintzak hobetzeko hitzarmenaren alde borrokan, eta enpresak ez die erantzunik eman. Hau da benetan gizarte honek merezi duen eredua eta hainbeste defendatzen duzuena?” zuzendu zaizkie instituzioei. Etxeko langileak ere aipatu ditu ELA sindikatuko kideak. Haren hitzetan, “esklabutzaren adibiderik gordinena” dira. Lan baldintza kaskarretan aritzeaz gain, “jasaten ari diren abusuak eta zapalkuntzak” mahai gaineratu nahi izan dituzte. 

“Aldarrikapen zehatzak” aterako dituzte kalera asteartean. Zaintza zerbitzuen publifikazioa, zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea, profesional gehiago kontratatzea eta lanaldia % 100era luzatzea –hala nahi duten langileen kasuan–, genero arrakala gainditzeko taxuzko neurriak hartzea, ratioak hobetu eta bajan dauden langileen ordezkapenak lehen egunetik hastea, lan osasuna bermatzeko neurri egokiak eta pandemiaren kalte larriak arintzeko langileen osatzeko emozionalerako plana dira horietako batzuk. 

Aliantza, “beharrezko”
Bestalde, Diazek aipatu du LAB sindikatuarekin azaroaren 17ko greba eguna antolatzeko hainbat bilera egin dituztela, baina “zoritxarrez”, ezin izan direla adostasun batera iritsi. “ELAtik argi utzi nahi dugu aliantzak ezinbestekoak direla gizartea eraldatzeko, eta LAB sindikatuari deitu nahi diogu grebara atxikitzeko”, esan dute. 

Senideen elkarteari, eskualdeko talde feministei eta pentsiodunei eskerrak eman nahi izan dizkiote Zumaian elkartutakoek, “beren prestutasuna eta babesagatik”. “Zalantzarik gabe, denon elkarlana beharrezkoa da greba honen lanketarako”, gaineratu dute. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!