Zortzi positibo detektatu dituzte Orion azken orduetan, eta herriko intzidentzia tasak goraka jarraitzen du

Aitziber Arzallus 2020ko aza. 18a, 14:09

Herenegun hogeita bederatzi lagunek eman zuten positibo; atzo, berriz, berrogeita zortzik. Kasu berri gehien Azpeitian eta Azkoitian atzeman dituzte, hamahiru eta hamabi, hurrenez hurren, eta zortzi izan dira Orion zenbatutakoak. Aian, berriz, bi detektatu dituzte azken orfduetan.

Berriz ere gora egin du eskualdean atzemandako positibo berrien kopuruak: herenegun 29 zenbatu zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta 48 izan ziren atzo. Gehienak Azpeitian baieztatu zituzten, hamahiru, eta horiekin, 77 dira azken astean herri horretan hauteman dituzten positiboak. Dena dela, pixkanaka-pixkanaka jaitsen ari da hango intzidentzia tasa. Joan den asteazkenean 1.248,75 zen hamalau egunetako 100.000 biztanleko positibo metatuen kopurua, eta gaur 1.162,40 da.

Azpeitiaren atzetik, Azkoitia da atzo positibo berri gehien zenbatu zituzten eskualdeko herria, hamabi, eta horiekin 41 dira azken zazpi egunotan zenbatu dituztenak. Datua ez da ona, baina aipatzekoa da herri horretako intzidentzia tasak izan duen jaitsiera: joan den asteazkenean 1.426,31 zen, eskualdeko altuena, eta gaur 1.134,37 da.

Aldiz, Orioko joera kontrakoa da. Atzo beste zortzi positibo baieztatu zituzten han, eta 40 dira azken astean zenbatu dituztenak. Ondorioz, gorantz doa hango intzidentzia tasa: 1.336,41 da, eskualdeko handiena, Errezilen atzetik.

Azpeiti, Azkoiti eta Orioko 23 positiboez gain, beste hamabost ere atzeman zituzten atzo eskualdean: sei Zarautzen; bina Zumaian, Zestoan, Getarian eta Aian; eta bat Errezilen.

Beste 1.210 positibo Hego Euskal Herrian

Eskualdean bezala, Hego Euskal Herrian ere gora egin du positibo berrien kopuruak. Herenegun 1.079 baieztatu zituzten; atzo, berriz, 131 gehiago, 1.210 hain zuzen.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 14.929 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo eta horietatik 1.050ek eman zuten positibo, %7k. Gipuzkoan eta Bizkaian 459na positibo zenbatu zituzten, eta 122 Araban. Beste hamar positiboak, beste autonomia erkidego batzuetako herritarrek eman zituzten.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetako egoerak zaila izaten jarraitzen du. Atzo beste 79 lagun ospitaleratu behar izan zituzten eta guztira 622 lagun daude hiru lurralde horietako erietxeetan; horietatik 137 ZIUn.

Nafarroan, berriz, 2.815 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo eta horietatik 160k eman zuten positibo, herenegun baino 22 gehiagok. Hango positibotasun tasa %5 da. Ospitaleetako egoerari buruzko daturik ez du eman Nafarroako Gobernuak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!