Azaroaren 25ean, elkarretaratze birtuala egingo dute Aiako eta Orioko ikasleek

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2020ko aza. 19a, 15:04
Aurrean, Anuska Esnal Orioko alkatea eta Nekane Azurmendi Berritzeguneko kidea. Atzean, udaleko eta Orioko eskoletako ordezkariak. (Aiora Larrañaga)

Eskualde mailako ekitaldia izango da, eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako ikasleek manifestua irakurriko dute txandaka.

Azaroaren 25ean Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako eguna izango da, eta hainbat ekimen antolatu dituzte eragileek datozen egunetarako. Aia eta Orioko ikasleek, esaterako, urtero bezala, tratu onen aldeko aldarria zabalduko dute, ikastetxeek, udalek eta eskualdeko Hezkidetza Foroak deituta. Gaur aurkeztu dute ekimena Orioko udalbatzar aretoan, eta udal ordezkariekin batera izan dira Orioko Herri Ikastolako eta Zaragueta Herri Eskolako kideak –Zingira Eskolakoek ezin izan dute agerraldian parte hartu–.

Aurreko urteetan, azaroaren 25aren bueltan ekitaldi jendetsuak egin badituzte ere, aurtengoa desberdina izango dela azaldu du Anuska Esnal Orioko alkateak, COVID-19ak sortutako egoera dela eta: modu telematikoan egingo dute eta ekitaldi bakarra izango da eskualde osorako.

Hala, azaroaren 25ean, 12:00etan konektatuko dira ikastetxeak eta udalak, Berritzeguneak prestatutako gela birtualean. Ekitaldi laburra izango da: manifestua irakurriko dute ikasleek, indarkeria matxistaren kontra agertzeko, eta Aner Peritz Euzkitze-k ekimenerako sortutako bertsoak kantatuko dituzte. Ondoren, sare sozialetan ekitaldiaren bideoa partekatuko dute, herritarren artean tratu onen aldeko mezua zabaltzeko. Zarauzko Berritzeguneko kide Nekane Azurmendik Orioko aurkezpenean azaldu duenez, indarkeria matxista «gure gizarteak duen arazo larrienetakoa da. Horregatik, ezinbestekoa da gaiari buruzko gogoeta egitea kalean, etxean eta ikastetxean». Hain zuzen ere, Urola Kostako ikasleek ikasturte osoan zehar lantzen dute gaia, eta Orioko Udalak eskerrak eman dizkie ikastetxeei, "garrantzizko gaia elkarrekin lantzeko egiten duten esfortzuagatik eta erakusten duten inplikazioagatik".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!