Aroa Sanchezen lehen jasoaldiak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko aza. 24a, 10:08
Aroa Sanchez harria jasotzen, igandean. (Egur Sport)

Harri jasotzailearen txalekoa jantzi eta erakustaldia eskaini du asteburuan Aroa Sanchez oriotar gazteak. Duela hilabete murgildu zen harri jasotzearen munduan, eta plazara atera da estreinakoz.

Joseba Ostolaza Harri Eskolan hilabetez entrenatu ostean, Aroa Sanchez igandean atera zen plazara estreinakoz, 18 urterekin. Oriotarrak Pobesen (Araba) jardun zuen harri jasotzen, Aizkolari Gazteen Binakako Txapelketan, hain zuzen ere. Sanchezek azaldu duenez, uste baino hobeto moldatu zen lehen erakustaldi horretan. "Hasieran, uste nuen akatsak egingo nituela urduritasuna dela eta, baina ez zen horrelakorik gertatu. Izan ere, Pobeseko frontoian etxean bezala sentitu nintzen. Ez zegoen publikorik, eta giro ederra dugu harri jasotzaileon eta entrenatzaileen artean; horrek asko lasaitu ninduen", adierazi du.
Lehen harria jaso bezain laster, nerbioak ahaztu zituela aitortu du. "Burua hotz mantendu nuen, eta Joseba eta Udane Ostolazak esaten zidatenean kontzentratu nintzen. Lan ona egin nuen, eta harri eskolan entrenatzen dudanean baino emaitza hobeak lortu ditut, gainera». Izan ere, guztira, 22 jasoaldi egin zituen oriotarrak: bederatzi 50 kiloko harri zilindrikoarekin, sei 45 kiloko harri kubikoarekin eta zazpi 50 kiloko bolarekin. Harri bakoitzarekin bi minutuko txanda bana osatu zuen.

Erronka berria
Aroa Sanchez zazpi urtez aritu zen arraunean, eta duela bi urte utzi zuen kirol hori. Orain dela hilabete eskas, ordea, harri jasotzen lehen urratsak egitea erabaki zuen. "Euskal kultura tradizionala beti gustatu izan zait, baina ez nuen sakontasunez ezagutzen herri kirolen mundua. Eta ezustean etorri zitzaidan harri jasotzea probatzeko proposamena". Izan ere, duela hilabete edo, Joseba Ostolaza Harri Eskolako kideek erakustaldia eman zuten, eta Sanchezen aita bertan izan zen, Gurutze Gorriko boluntario gisa. "Berriketan ari zirela, Ostolazak aitari galdetu zion animatuko al nintzatekeen harri jasotzea probatzera, gorputz handikoa naizenez, ederki moldatuko nintzela uste zuelako. Aitak etxean komentatu zidan, eta baietz esan nion". Esan eta egin; hurrengo egunean bertan hasi zen oriotar gaztea harriari lehen jasoaldiak ematen Joseba eta Udane Ostolazaren gidaritzapean.

Sanchezek gogoz heldu dio harri jasotzeari, eta ezagutzen ez dutenek kirol horren irudi okerra dutela uste du. "Harriak jendeari beldurra ematen dio, baina crossfitean aritzen direnek guk bezainbeste pisu altxatzen dute; desberdintzen gaituena harria da", azaldu du. Bestalde, aipatu du askok gerrian min hartuko duela esaten diotela. "Ez dut uste harri jasotzeak gainontzeko kirolek baino arrisku gehiago duenik osasunarentzat. Gakoak dira teknika ondo ikastea eta harria jaso baino lehen ondo berotzea, horiek egin ezean lesioak sortzen baitira". Pixkanaka teknika ikasten ari da harri jasotzaile gaztea, eta hobetzen jarraitzeko irrikaz dago.

Kideen babesa
Joseba Ostolaza Harri Eskolari "asko eskertzen" dio Aroa Sanchezek, taldeko kideek egin dioten ongietorria dela eta. "Pandemia garaian ezagutu dut harri jasotzearen mundua, eta saio gutxi batzuk egin ahal izan ditut gainontzeko kideekin. Orain, astean entrenamendu bat egiten dut harriarekin, bakarka, eta beste bi saio egiten ditut erresistentzia eta indarra lantzeko, nire kabuz". Dena dela, hasieratik "esku zabalik" hartu dutela adierazi du oriotarrak, eta une oro "erakusteko eta laguntzeko" prest agertu direla taldekideak: "Eskerrik asko denei".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!