Ainhoa Etxabe, herri kirolen plazara

Iñigo Gaiton 2020ko aza. 25a, 12:18

Aurrenekoz, emakumezko batek hartu du Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidente kargua: Ainhoa Etxabek, hain zuzen ere. Tradizioari begirik galdu gabe, herri kirolei haize berria emateko gogoa du zuzendaritza berriak.

Urriaren bukaeran, Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak bozketa egin zuen zuzendaritza berria aukeratzeko. Ainhoa Etxabe oriotarra buru duen taldea izan zen aukeratua, eta ordutik, hura da federazioko presidente berria. Orain artean, federazioak ez zuen emakumezkorik izan presidente karguan, eta Etxabek adierazi duenez, "gogotsu" dago aurrean dituzten erronkei eusteko: "Hilabete-edo bada lanean hasi ginenetik, eta martxa hartzen ari gara".

Etxabek sei laguneko lantaldea izango du ondoan, eta eskualdekoak dira zuzendaritza berriko kide guztiak: Joseba Ostolaza zestoarra (presidenteordea), Iñaki Oliden oriotarra (idazkaria), Iñigo Eizagirre zarauztarra, Julen Alberdi eta Jon Unanue azkoitiarrak eta Jose Ignazio Saizar oriotarra.
Etxabek ondo ezagun du herri kirolen mundua. Ez da sekula plazan aritu izan, baina txikitatik ibili izan da giroan murgilduta. "Iñaki Oliden etxekoa dut, eta betidanik ikusi izan dut idi-demetan. Gero, harri jasotzen jardun zuen urteetan, eta plaza batetik bestera ibiltzen ginen haren atzetik. Senarra ere giro horretan ezagutu nuen, eta alaba ere harri jasotzailea atera zaigu", azaldu du. "Laguntzen-eta asko ibilitakoa naiz, ekitaldiak, erronkak eta halakoak antolatzen. Azken urteetan, Joseba Ostolaza Harri Eskolako idazkari lanetan ere banabil".

Urteetan pilatu duen esperientzia baliagarria izango zaio orain Etxaberi. "Ingurutik jaso nuen hautagai aurkezteko proposamena, eta aurrera egitea erabaki dut. Hasieran, ez zitzaidan burutik pasatu ere egin, baina hainbat faktore tarteko, aukera suertatu da, eta urratsa eman dut", adierazi du.
Aurreneko emakumea izango da presidente karguan: "Herri kiroletan aritzen den jendea ez zen harrituko nire izena entzutean, edo ez dut uste behintzat. Askok ezagutzen naute, eta badakite plazan orduak egindakoa naizela. Emakume izanagatik, ez naiz desberdin sentitu plazetan, nagusiki gizonezkoen mundua den arren".

Lan ildoak
Zuzendaritza berriko kideek helburu argi bat dute: tradizioari begirik galdu gabe, herri kirolak gaurkotzea, kirolarien eta jarraitzaileen kopuruak indartu daitezen. "Pentatloia eredu ona izan daiteke, hartu nahi dugun norabidea markatzeko. Txinparta piztu du gazteen artean, eta publiko aldetik ere jendea mugitu du. Hala ere, gogoarekin eta indarrarekin sartu arren, ikusiko dugu zer egiteko gai garen".

Bestalde, gaztetxoengana herri kirolak hurbiltzeko ahalegina egingo dutela ere azpimarratu du. "Herri kirolak probatzeko aukera eskuragarriago jarri behar dugu. Federazioak lehen harremana erraztu ondoren kirolariak gehiago sakondu nahiko balu, harremanetan jarriko genuke talde edo entrenatzaileren batekin", dio Etxabek.

Herri kirolen inguruan aurreiritzi eta uste oker asko dagoela iruditzen zaio presidenteari; "horietako asko emakumeen gainean". Alabarekin bizi izandako esperientziaz hitz egin du: "Udanek hautsi ditu estereotipo batzuk. Hasieran, harri jasotzen nola hasiko zen esaten ziguten, gorputzez hain fina izanik; bada, oraingoz behintzat, ez du minik hartu. Horrez gain, plazan erabiltzen duen arropari bere izaera eman dio, eta loreen estanpatuekin ere aritu izan da altxaldiak egiten. Plazara azkazalak edo ezpainak margotuta ateratzea posible dela erakutsi du, aurreiritzi guztien gainetik".

Horregatik guztiagatik, emakumeek plazan toki gehiago izan dezaten lan egingo du zuzendaritza berriak. "Kanpaina txiki bat egingo dugu gaiari lotuta. Gainera, aurreiritzi horiek ez daude emakumeei lotuta bakarrik. Gizonezkoen artean ere aldatzen joan da herri kiroletan aritzen direnen profila. Lehen baserri girokoak ziren kirolari gehienak, salbuespenak egon arren. Orain, asko kalekoak dira, eta lehen ez bezala, zenbaitek goi mailako unibertsitate ikasketak ere badituzte", erantsi du presidenteak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!