Esti Markez: "Nire abestiek jendeari zer pentsatua ematea nahi dut"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abe. 2a, 11:39
(Intza Unanue)

'Azal berritzen’ diskoa aurkeztu zuten ostiralean Esti eta Mikel Markez aita-alabek. Argitaratutako lehen lana da Estirentzat (Aia, 1999), eta gogotsu dago zuzenekoak eskaintzen hasteko. Konfinamenduan heldu zitzaion inspirazioa Markezi, eta disko forman eman du fruitua haren itxialdiak.

Konfinamenduan egin zenituen diskoko zure bost abestiak. Nolakoa izan da sormen prozesua?

Aurretik baneukan zerbait hasita, doinuren bat, nahiz eta orain arte ez dudan sortzeko gogo berezirik eduki, konfinamenduan hainbeste denbora geldirik egon nintzenez... Denbora pila bat izan nuen, eskolarako ez neukan lan askorik, eta 24 orduk askorako ematen dute. Orduan hasi nintzen gitarra jo eta jo. 

Irakurri izan dut elkarrizketetan jendeari ez diola balio izan sortzeko konfinamenduak, zuk ondo egon behar duzulako sortzeko eta abar, baina niri bai balio izan dit ondo egoteko nire buruarekin. Kanpoan gertatzen ari zena izugarria zen, baina niri balio izan zidan eta oso pozik nago.

Mikel eta bioz aparte, nortzuk gehiagok hartu dute parte zure abestietan?

Abestiak nik egin ditut eta egokitzapenetan aitak lagundu dit. Nik gitarra ez dut guztiz kontrolatzen, akorde batetik bestera pasatzen badakit, baina interludio batzuk-eta ez dakizkit. Horretan aitak lagundu dit, baina abestiak nireak dira, eta musikariekin jantzi ditugu. Hori egiten ibili dira Julen Alonso eta Harkaitz Miner. Biolina, gitarra elektrikoa, mandolina, biola, trikitia, akordeoia eta pianoa gehitu dituzte bi horiek. Bateria eta baxua, berriz, Ane Bastidak eta Iker Laurobak sartu dituzte, Ikerrek bateria eta Anek baxua. Abesten kolaboratzaile izan ditut Eneritz Aulestia eta Olaia Ituarte. Eneritzek zati batzuetan abestu du nire kantu batean eta Mikelen abesti batzuetan ere kolaboratu du.  Horrez gain, Mikelen abesti batean Toti Martinez de Lezeak ere errezitatzen du. 

Diskoaren diseinuari ere garrantzia eman diozue.

Bai. Diskoak ez dira asko erosten, beraz, nahi genion horri plus bat eman. Horretarako lan berezia egin dugu, eta Concetta Probanza ilustratzaileak egin ditu diseinuak. Abesti bakoitza entzun ondoren ilustratu du bakoitza, beraz, diskoa erosten duenak erosten ditu hamar abesti eta hamar ilustrazio. 

Letrak ere zureak al dira?

Bi abestitan bai: Zer da maitasuna eta Oroitzapenek esnatu naute. Horietan nire letrak ageri dira. Ez da bizitza abestiaren letra Pako Aristirena da, existentzialismoari buruz hitz egiten duena. Gero, Printzesak eta Printzeak Alaia Martinen bertsoak dira, eta oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit garai hauetan, iruditzen zaidalako gazteok gero eta tontoago gaudela Instagramarekin, poseekin eta halakoekin, eta ez garela konturatzen norberak duela garrantzia, ez Instagramak. Horri buruzko gogoeta bat da, gazteekiko eta ez horren gazteekiko. Zigor zeldetan Joseba Sarrionandiaren poema bat da, musikatu nuena. Josebari eskatu nion ea ahal nuen musikatu eta baietz erantzun zidan, arazorik gabe. Poemak beste izen bat dauka baina hori ere aldatzen utzi zidan eta oso eskertuta nago. Kartzelan zegoela idatzi zuen eta Kartzelako Poemak liburuan irakurri nuen nik. Hitz egiten du zeldatik urtaro aldaketen inguruan, eta hala dio errepikak: Baina zer axola zaio kartzelan dagoenari urtaro aldaketa. Niri iruditzen zitzaidan jendea kexatu eta kexatu ari zela, etxean egon behar genuelako, kartzelan egotea bezela dela etxean egotea... Pentsa kartzelan daudenak nola egon behar duten! Bisitarik gabe hiru hilabetez, benetan gela batean sartuta. Pixka bat horri egin nahi izan diot keinu. 

Ezagun da, beraz, konfinamenduan idatzitako abestiak direla. 

Bai. Nik argi daukat musika nahi dudala egin, baina ez egite hutsagatik, ez dadila izan aisialdia bakarrik. Nahi dut jendeak entzuten duenean zer pentsatua ematea abestiak. Iruditzen zait geroz eta gutxiago egiten dela. 

‘Oroitzapenek esnatu naute’ abestia entzungai dago urritik. Harrera ona izan al du?

Bai. Bideoklipak ere oso harrera ona eduki du eta oso pozik nago. 

Orain badabilkizu beste zerbait esku artean?

Ari naiz sortzen, hiru doinu-edo ditut sortuta, baina ez daukat presarik. Orain nahi dut une honetaz disfrutatu, aitarekin zuzenekoak egin, eta horrela nahi dut egon musikan. Ez dakit hemendik urtebetera edo bi urtera zer izango den. Gustatuko litzaidake bakarkako disko bat ateratzea, baina ikusiko dugu. Nik sortzen ditut abestiak gogoa dudanean eta etortzen zaidanean. Beraz, diskoa osatzeko adina abesti sortzen baditut, oso gustura egingo nuke bakarka, eta ez badut osatzen, ez da ezer gertatzen.

Musikatik bizitzeko anbiziorik ez duzu, beraz. 

Niri musika asko gustatzen zait, baina ospitale batean egiten dut lan eta hango lana ere asko gustatzen zait. Ezin dut erabaki baten eta bestearen artean. Bai iruditzen zait lanbide bat musika, ez zait iruditzen afizio bat denik, nahiz eta jendeak hori pentsatu. Perfektua litzateke niretzat erdia eta erdia egitea. 

Zure lehen diskoaren aurkezpena irudikatuta zenuen horretatik oso bestelakoa izango al da?

Ez zait egiten horren diferentea. Konfinamenduan egin nituen abestiak eta banekien zer zetorren. Ilusionatuta nago, baina banekien, adibidez, Durangoko Azokan ez nintzela egongo. Pena handia daukat horregatik, esaten dutelako lehen aldiz Azokan egotea artista batentzat izugarria dela. Nik hori ez daukat, baina banekienez ziurrenik ez zela egongo, ez daukat hainbesteko penarik, abestiak egin nituenean asumituta neukalako zer gertatuko zen. Nahiago nuke beste era batera izatea, baina ezin da, eta modu berri hauetara egokitu beharko dugu. 

Zein da zure erreferente musika munduan?

Esango nuke erreferenterik ez daukadala, baina kontsumitzen dudan musika gehiena euskal musika da. Horren barruan, gehien-gehien entzuten ditudanak dira Iker Lauroba, Beira taldea, Izaro batzuetan baina ez gehiegi... Esango nuke erreferenteenetako bat Beira dela. Batez ere, letragintzagatik, gustatzen zait garrantzia handia ematea letrei

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!