Guztien onurarako boluntario lana

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2020ko aza. 27a, 10:48
Tomas Lizarralde Mendibeltzen. (Aiora Larrañaga)

Herritarrek oinez nahiz bizikletaz zeharkatzen dituzten mendi bideak txukun mantentzea gustuko du Tomas Lizarraldek, eta bere zaletasunen inguruan aritu da berriketan. 

Herritar askok ez badakite ere, Tomas Lizarralderen (1969, Aia) zaletasunari esker inguruko mendi bideetan barrena ibil daitezke, oinez zein bizikletaz. Izan ere, mendi bideak garbitzen ditu jaiotzez aiarra eta bihotzez oriotarra den gizonak. «Perretxikotara joatea gustatzen zait, eta ohartu nintzen perretxiko gune batzuk desagertzen ari zirela sastrakek hartu zituztelako. Gune bakarra geratzen zen egoera onean, eta hura salbatu nahian sasia garbitzen hasi nintzen. Lehengusuak uzten zidan sastraka kentzeko erreminta».

Sastrakak hartutako bidea
Azkenaldian, Aitzondotik Oribarzar hondartzara doan bidea garbitzen aritu da Lizarralde emaztearekin batera, Mendibeltz mendian barrena doan bidezidorra, hain zuzen ere. «Larunbatero eta igandero emazteak eta biok Moilarrira buelta egiteko ohitura dugu oinez. Konfinamendu garaian, paseatzeko baimena eman zuten lehen asteburuan, jende asko zebilen beheko bidetik, eta bueltakoan goiko bidea hartzea pentsatu genuen. Harrituta geratu ginen, sastrakak bide guztia hartua baitzuen». Hala, pixkanaka bidea garbitzen aritu dira eskuzerrarekin eta mahastiak kimatzeko labanekin. «Motxilan erremintak eta ur botila hartu eta bideari ekiten diogu. Bi metroko bidean enbarazu egiten duten adar eta sastrakak mozten ditugu, bidea zabaltzeko». Orain, esaterako,  bizikletatik jaitsi gabe igaro daitezke mendi bide horretatik mendiko bizikletarekin ibiltzen direnak. «Lehen, ordea, hainbat adar zeuden trabeska eta bidea oztopatzen zuten. Oinezkoak ahal zen bezala pasa zitezkeen bertatik, baina bizikletan zihoazenek txirrindutik jaitsi eta makurtuta pasatu behar izaten zuten». 

Mendibeltzeko bideaz gain, Agorregi inguruko bideak ere egokitzen ditu Lizarraldek. «Saiatzen naiz inguruko bideak txukun mantentzen, baina lagun bakar batentzat ez da lan erraza. Horregatik, gustatuko litzaidake boluntario taldetxo bat osatzea eta denon artean mendiko bidezidorrak garbi mantentzea. Azken finean, denok erabiltzen ditugu bide horiek naturaz gozatzeko».

Arraun elkartea
Mendia gustatzeaz gain, Orio Arraunketa Elkarteko jarraitzailea ere bada Lizarralde, eta zaletasuna adieraztea atsegin zaio, gainera. «Autoa eta motorra arraun elkarteko pegatinekin apainduta ditut», adierazi du. Hala, duela zazpi urte, semea Orio Arraunketa Elkartean arraunean hasi zenean, boluntario lanetarako eskaini zen aiarra. «Arraunlariek ibilgailuak uzten dituzten aparkaleku eremua nahiko trakets egoten zen, sastrakaz beteta, eta hura garbitzeari ekin nion». Ordutik, urtean bostpasei aldiz txukuntzen du arraun elkarteko eremu hori, sasia garbitzeko makinarekin. «Ekitaldi garrantzitsuren bat badago, pare bat hilabete lehenago abisatzen didate, eta hilabete lehenagotik hasten naiz ingurua garbitzen, bi orduko saioak eginez. Azken urteetan nahiko ondo mantentzen ari naiz ingurua, eta mantenu lana egitea izaten da nagusiki, baina lehen urtean lan handia egin behar izan nuen neuk bakarrik», azaldu du boluntarioak.

Harrobiko arraunlariekin ere joaten da estropadetara, antolakuntza lanetan laguntzera. «Semeek parte hartzen duten jardueretan boluntario lanak egitea gustatzen zait, beharrezkoa dela iruditzen zaidalako. Ikusten ez den lan asko egoten da egiteko kirol elkarteetan, eta behar dena baino jende gutxiago animatzen da gaztetxoekin aurrera eta atzera ibiltzera. Horregatik  aurkeztu nintzen boluntario, gaztetxoei laguntzearren. Estropadetan, esaterako, atoia daraman ibilgailuan joaten naiz kopilotu. Lehen pilotua bakarrik joaten zen, baina bigarren bat behar izaten da da, maniobrak egiten eta laguntzeko», azaldu du Lizarraldek. Hala, ogibidea eta boluntario lana uztartzen saiatzen da aiarra. «Lanak uzten dizkidan tarteak erabiltzen ditut horretarako. Batzuetan nekatzen banaiz ere, gustuko zeregina dut». 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!