Hiru positibo berri atzeman dituzte Orion

Karkara 2020ko aza. 27a, 14:49

Orion kezkatzeko zifrek jarraitzen dute; 100.000 biztanleko hamalau eguneko positibo kopurua 890,94 da

Azken astean nabarmen egin du hobera eskualdeko egoerak, eta atzoko datuak hori baieztatzera datoz. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 22 positibo zenbatu zituzten atzo; asteazkenean baino bat gutxiago, asteartean baino zazpi gutxiago eta astelehenean adina. Asteko joera hori izan da, beraz: eguneko 20-30 positibo berri. Badira batzuk, baina duela aste batzuetako datuen ondoan, askoz gutxiago dira.

Zarautz da atzo positibo gehien zenbatu zituzten eskualdeko herria: hamar, hain zuzen. Azpeitian, Azkoitian, Getarian eta Orion hiruna baieztatu zituzten, eta gainontzekoetan, bakar bat ere ez. Iragan ostiralaz geroztiko datuei erreparatuta ere, Zarautz izan da positiborik gehiena atzeman dituzten herria: 55. Azkoitian 43 izan dira, Azpeitian 34, Orion 16, eta gainontzekoetan hortik behera.

Intzidentzia tasak ere apaltzera egin du oro har. Jaitsierarik deigarriena Zumaiak izan du: duela aste batzuk ia 2.000ra iritsi zen 100.000 biztanleko hamalau eguneko positibo kopurua, eta gaur 193,38 da. Azpeitian ere bi astean erdira jaitsi da: gaur 604,45 da, eta orain dela bi aste 1.200dik gorakoa. Orion, aldiz, kezkatzeko zifrek jarraitzen dute; 890,94 da tasa. Hala ere azken asteetako zifra altuekin alderatuta, beheraka doa pixkanaka.

Hego Euskal Herriko egoera ere duela aste batzuk baino askoz hobea da. Atzo 14.143 PCR eta antigeno test egin zituzten eta 785ek eman zuten positibo; horrenbestez, %5,5ekoa da positibotasun tasa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bezperan baino gutxiago izan ziren; Nafarroan, aldiz, gehixeago. Dena dela, gaurko datuek ez dute zerikusirik duela aste batzuetakoekin, egun batzuetan 2.000 positiboen langa ere gainditu zelako. Erietxeetako egoerak ere hobera egiten ari da pixkanaka; bi astean %40 murriztu dira ospitaleratzeak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!