Eusko Jaurlaritzaren neurri berriak gauerditik aurrera izango dira martxan

Aitziber Arzallus 2020ko abe. 11a, 14:52

Urtarrilaren 11ra arte indarrean egongo diren neurriak jasotzen dituen dekretua kaleratu du Eusko Jaurlaritzak. Honakoak dira punturik garrantzitsuenak:

Etxeratze agindua. Herritarrek ezingo dute kalean ibili 22:00etatik 06:00etara. Salbuespenak izango dira abenduaren 24tik 25erako eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1erako gauak: horietan 01:30ean hasiko da etxeratze agindua, baina etxera itzultzeko bakarrik ibili ahal izango da kalean. 

Mugitzeko mugak. Abenduaren 23ra arte Gipuzkoan bakarrik mugitu ahal izango dira herritarrak, eta hortik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Salbuespenak izango dira abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra arteko tarteak: horietan herritarrek aukera izango dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mugetatik ateratzeko, helburua bada senideen edo hurbileko pertsonen bizilekura joatea. 

Biltzeko mugak. Gehienez sei lagun elkartu ahalko dira eremu publikoan zein pribatuan, leku itxietan zein irekietan. Salbuespenak izango dira abenduaren 24ko, 25eko eta 31ko eta urtarrilaren 1eko otorduak: horietan hamar lagunekoa izango da gehienezko muga. Bi bizikidetza unitate baino gehiago ez elkartzea gomendatu dute, eta bizikidetza unitate horiek beti berdinak izatea. 

Ostalaritza.

  • 5.000 biztanle baino gehiago dituzten eta hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia 500etik beherakoa den udalerrietan, tabernek eta jatetxeek ateak ireki ahal izango dituzte. 5.000 biztanletik beherako herrietan, ez da irizpide hori aplikatutako, eta horietako tabernek eta jatetxeek ere ateak zabaldu ahal izango dituzte, Jaurlaritzak kontrakorik esan ezean. Jaurlaritzak astelehenero eta ostegunero berrikusiko du udalerri bakoitzeko egoera, eta eguerdiro kaleratzen duen txosten epidemiologikoan jakinaraziko du zein udalerritako tabernek eta jatetxeek eman dezaketen zerbitzua eta zein udalerritakoek ez.
  • Irekitzeko aukera duten tabernek eta jatetxeek 20:00etarako itxi beharko dituzte ateak, baina 21:00ak arte etxera eramateko janaria establezimenduan bertan ematen jarraitzeko aukera izango dute, eta etxez etxeko banaketa 22:00ak arte egin ahal izango dute.
  • 20:00ak bitartean, terrazak %100ean ireki ahal izango dituzte, baina barrualdeko edukiera erdira murriztu beharko dute. Herritarrek mahaietan eserita kontsumitu beharko dute beti, gehienez sei laguneko taldeetan, eta sekula ez barran.
  • Salbuespen bakarra, zerbitzuguneetako ostalaritza guneak izango dira. Horiek zerbitzua eman ahalko dute 22:00etatik 06:00etara bitartean ere, baina pasaerako erabiltzaileei bakarrik.

Elkarte gastrononikoak eta gazte lokalak. Itxita jarraituko dute. 

Merkataritza establezimenduak. 21:00etarako itxi beharko dituzte ateak, eta ordu horretara arte saldu ahal izango dituzte alkoholdun edariak ere —orain arte debeketuta zuten 20:00etatik aurrera saltzea—. 150 metro koadro arteko establezimenduek edukiera %75era mugatu beharko dute, eta hortik gorakoek, %60ra. 

Kultur jarduerak eta ikuskizunak. Abenduaren 21etik urtarrilaren 6ra bitartean, ezingo da jende pilaketak sor daitezkeen ekitaldi presentzialik egin; esaterako, Gabon gaueko edo Errege bezperako kantu taldeak, kanpaikaden bueltan antolatzen diren ekitaldiak, Santo Tomas eguneko ospakizunak, sansilbestreetako kirol probak, kabalgatak edo Olentzeroren eta Errege Magoen bueltan mugimenduan egiten diren ekitaldiak.

Kirola. Lehiaketa profesional eta erdi profesionaletan lehiatzen diren kirolariez gain, federatutako kirolariek ere entrenatzen hasteko aukera izango dute, gehienez sei laguneko taldeetan. Eskola kirolari ekiteko aukera Eguberrietako oporraldia bukatu ostean aztertuko dute. Kiroldegietan aldagelak %30eko edukierarekin zabaldu ahal izango dira, eta soilik banakako dutxak erabili ahal izango dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!