Hamaikagarrenez nagusitu da Aimar Irigoien Harri Handien Txapelketan

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 20a, 10:53

Atzo jokatu zuten Harri Handien Txapelketa Aiako probalekuan. Aimar Galarraga, Jon Unanue Goenatxo III.a, Iñigo Eizagirre, Jokin Eizmendi eta Aimar Irigoien aritu ziren lanak egiten, eta denera 8.100 altxatuta, errezildarrak irabazi zuen lehia. Hamaikagarren txapela du.

Aiako probalekuak eman zion aterpe atzo Harri Handien Txapelketari. Eskualdeko bost harri-jasotzailek neurtu zituzten indarrak, ikuslerik gabe: Aimar Galarraga, Aimar Irigoien, Iñigo Eizagirre, Jokin Eizmendi eta Jon Unanue Goenatxo III.a. 200 kiloko bolarekin, 150 kiloko kubikoarekin, 175-200 kiloko zilindroarekin nahiz 175-200 kiloko laukizuzenarekin egin zituzten lanak, eta Irigoien nagusitu zen.

Errezildarrak 8.100 kilo altxatu zituen guztira, 52 altxalditan banatuta: hemezortzi aldiz bola, hamabi aldiz kubikoa, hamalau aldiz zilindroa eta zortzi aldiz laukizuzena. Atzo hamaikagarren aldiz jantzi zuen Harri Handien Txapelketako txapela Irigoienek; hala, Juan Joxe Unanue Goenatxo II.aren marka berdindu du.

Eizmendi zarauztarrak hurbiletik jarraitu zion Irigoieni, baina ezin izan zuen txapelketa laugarrenez irabazi. 7.500 kilorekin, bigarren egin zuen atzokoan: hamasei aldiz jaso zuen bola, hamabina aldiz kubikoa eta zilindroa, eta zortzi aldiz laukizuzena. Alde handiagoarekin, Goenatxo III.a azkoitiarra sailkatu zen hirugarren. 5.350 kilo altxatu zituen: hamahiru aldiz bola, hamar aldiz kubikoa, zazpi aldiz zilindroa eta sei aldiz laukizuzena.

Galarraga oriotarra izan zen laugarren, 4.975 kilo osatuta lau lanen artean. Hamabi aldiz jaso zuen bola, zazpi aldiz kubikoa, zazpi aldiz zilindroa eta sei aldiz laukizuzena. Eizagirre zarauztarra ere gertu ibili zen bosgarren postuan, 4.200 kilorekin: hamabi aldiz bola, zazpi aldiz kubikoa, sei aldiz zilindroa eta hiru aldiz laukizuzena.

Bola eta zilindroa altxatzen Irigoien gailendu zen, baina Eizmendik berdindu egin zuen harri kubikoarekin eta laukizuzenarekin.

Argazkiak: Ibon Errazu

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!