Dirulaguntzak emango dizkiete langabezian dauden pertsonak kontratatzen dituzten enpresei

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 20a, 12:49

Dirulaguntza deialdi berri bat aurkeztu du Urola Kostako Udal Elkarteak: 291.000 euro bideratuko ditu Aian, Getarian, Orion, Zarautzen nahiz Zumaian langabezian dauden pertsonak hiru edo sei hilabeterako kontratatzen dituzten enpresetara. Urtarrilaren 29ra arte egin daitezke eskaerak.

Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako enpresei zuzendutako diru-laguntza deialdi berri bat jarri du martxan Urola Kostako Udal Elkarteak. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatuta, UKUEk 291.000 euro emango dizkie dirulaguntzatan, hain zuzen, langabezian dauden pertsonak hiru edo sei hilabeterako kontratatzen dituzten enpresei. 1.500 eta 9.000 euro arteko laguntza jaso dezakete aurkezten direnek.

Lanbideren 2020ko Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzen barruan kokatzen da deialdi hori, eta mankomunitatearen arabera, “helburua bikoitza da”: “alde batetik, enpresei laguntzea langileak kontratatzeko gastuei aurre egiten eta, beste alde bestetik, enplegu-politika aktiboak indartzea, langabeen kontratazioa errazteko (batez ere, COVID egoera honengatik kaltetuak izan direnak eta alarma-adierazpenaren ondoren lana galdu duten pertsonak edo; laneratzeko zailtasun bereziak dituztenak)”.

Baldintzak

UKUEk azaldu duenez, “Lanbideren 2020ko deialdiak ezarritako baldintza guztiak” bete beharko dituzte dirulaguntza eskatzen dutenek. “Lehentasuna izango dute emakumeak kontratatzen dituzten eskabideek” eta, zehazki, “22 laguntza gordeko dira emakumeak kontratatzen dituztenentzat”.

Hainbat ezaugarri izan beharko dituzte, bestalde, mankomunitateak diruz lagunduko dituen lan-kontratu horiek. Hiru edo sei hilabeterako kontratuak izan beharko dira, %50eko edo %100eko lanaldian.

Martxan da eskaerak aurkezteko epea, eta urtarrilaren 29ra arte izango da izena emateko aukera. Eskabideak UKUEren egoitza elektronikoaren bidez egin behar dira, atari honetan.

Deialdiaren oinarriak irakurtzeko, web-orrialde honetara ere jo daiteke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!