Etxera eramateko zerbitzuen inguruko prestakuntza eskainiko du UKUEk ostalarientzat

Karkara 2020ko abe. 22a, 10:51

Egungo egoerara moldatu beharrak zerbitzua egokitzera bultzatu ditu ostalariak. Asko dira etxera eramateko janaria prestatzen hasi direnak eta, hain zuzen, horren inguruko formakuntza eskainiko du urtarrilean udal elkarteak.

Ostalariei bizi duten egoera zailaren aurrean bultzada emateko hainbat ekimen jarri ditu martxan Urola Kostako Udal Elkarteak; horien artean, formakuntza. Azaroan egin zen antolatutako lehen ikastaroa, eta urtarrilean izango da bigarren prestakuntza zikloa. Oraingo honetan, eramateko eta etxerako zerbitzuen ingurukoa izango da formakuntza. Izan ere, egoera berri honetan, etxez etxeko zerbitzuen edota eramateko zerbitzuen merkatua inoiz baino handiagoa da; UKUEk zehaztu duenez, aurreikuspenen arabera, %20 baino gehiagoko hazkundea izango du aurten.

Etxerako zerbitzua ardatz hartuta, ondoko hauek landuko dituzte hainbat saiotan: Delivery eta take away kontzeptuetara hurbilketa; ikuspegi ekonomiko-finantziarioa: eskaintza gastronomikoaren eta espazioaren diseinua: "mokadu seguruak"; logistika eta eragiketak eta komunikazioa eta marketina. Saioak urtarrilaren 11, 12, 18 eta 19an izango dira, online, 09:30etik 13:30era.

Ikastaroan parte hartzeko interesa dutenek aurrez eman beharko dute izena enpresa@urolakosta.eus helbidera mezu bat bidalita. Ondorengo datuak zehaztu beharko dira mezuan: enpresaren izena, IZK, helbide elektronikoa, harremanetarako pertsona eta telefonoa. Izena emateko epea urtarrilaren 7an amaituko da. Informazio gehiagorako, aipatu helbidera mezu bat idatzi daiteke, edo 943-89 08 08 telefono zenbakira deitu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!