Bi positibo kasu berri atzeman dituzte Orion

Onintza Lete Arrieta 2020ko abe. 30a, 14:15

Azken orduetan, Urola Kostan 30 kasu berri atzeman dituzte eskualdean egindako PCR eta antigeno probetan, Orion atzo bat bera ere ez izatetik, bi positibo berri izatera pasa da, Aian ez dut bat bera ere aurkitu gaurkoan.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako azken datuen arabera, 10.408 PCR eta antigeno proba egin ziren atzo Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta %6k eman zuten positibo aurreneko hiru lurraldeetan, eta %7,4k, berriz, Nafarroan (Gipuzkoan 207 positibo berri zenbatu zituzten, Nafarroan 130, Araban 88 eta Bizkaian 216).

Urola Kostan, 30 kasu berri atzeman dituzte: hiru kasu Zestoan, launa Aizarnazabalen eta Zumaian, bina Azkoitian eta Orion, sei Zarautzen, eta bederatzi Azpeitian. Azken horrek 500etik gorako intzidentzia metatuaren tasarekin jarraitzen du, 524,74. Azpeitiarekin batera, Aizarnazabal da eskualdean larrien dagoen herria.  Azken bost egunetan hamabi kasu berri atzeman dituzte han, eta horregatik, Aizarnazabalgo Udalak herriko liburutegia eta gimnasioa eta herriko tabernak ixtea agindu du.

Gaur-gaurkoz, bi herri horietan daude itxita ostalaritza establezimenduak (Aizarnazabalen, udalaren bandoak agintzen duenean itxiko dira).

Beste muturrean, azken orduetan positibo berririk ez duten herriak ere badira eskualdean: Aia, Beizama, Errezil eta Getaria, hain zuzen.

Bezperako datuak kontuan hartzen badira, hau da, asteartean argitaratutakoak, kasuak bikoiztu egin dira eskualdean, hamabost positibo berri atzeman baitzituzten orduan. Igoerak ia herri guztietan egon dira, nabarmenenak Azpeitian (lautik bederatzira), Zestoan (kasurik ez edukitzetik hiru izatera), Azkoitian eta Orion (kasu berririk ez edukitzetik bina izatera) eta Zumaian (batetik laura).

Hego Euskal Herriko datuei erreparatuta, aurreko egunean 6.778 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta herrialdeka, Bizkaian 150 izan ziren zenbatutako kasu berriak, Gipuzkoan 130, Nafarroan 102, eta Araban 62.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, azken datuen arabera 79 pertsona daude ZIUn ospitaleratuta Osakidetzak kudeatzen dituen egoitzetan, eta 284 lagun daude guztira ospitaleratuta. Nafarroako daturik ez dago momentuz.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!