Positibo bat atzeman dute Orion; bat bera ere ez Aian

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 5a, 13:54

Aiako intzidentzia tasak 500eko langatik gertu jarraitzen du. Aizarnazabalen hamar izan dira egun bakar batean detektatutako kasuak, eta Eusko Jaurlaritzak herri horretan baheketa masiboa egingo duela iragarri du. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu ditu atzoko PCR eta antigeno proben emaitzak. Orion, positibo bat baieztatu dute azken orduetan, eta bere horretan jarraitzen du intzidentzia tasak, 114,16an. Azken bost egunetan bi positibo izan dira herri horretan. Aian, berriz, ez dute positiborik zenbatu, baina 500eko langatik gertuago daude: 403,02 da intzidentzia tasa herri horretan.

Urola Kostan, 26 positibo zenbatu dituzte guztira. Egoerarik okerrena Aizarnazabalen dute: hamar positibo zenbatu dituzte herri horretan, eta, gaur-gaurkoz, 5.981,79ko intzidentzia tasa dute. Hori horrela, Osakidetzak erabaki du baheketa masiboa egitea Aizarnazabalen.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da halako egoera kezkagarririk, atzoko datuei erreparatuta. Dena dela, atzeman zituzten positibo batzuk zenbait herritan. Zarautzen zazpi kasu baieztatu zituzten atzo, eta 192,74ko intzidentzia tasa dute egun. Azpeitian, lau positibo zenbatu zituzten, eta pixka bat igo da intzidentzia tasa; 433,64koa zen atzo, eta 407,36koa herenegun. Zumaian, hiru kasu atzeman zituzten atzo, eta 264,58ko intzidentzia tasa dute. Azkoitian, berriz, positibo bat baieztatu zuten, eta 242,01eko intzidentzia tasa dute.

Bestalde, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ez dute kasu positiborik zenbatu. Dena dela, intzidentzia tasak altua izaten jarraitzen du Errezilen: zehazki, 966,18koa da.

Hego Euskal Herrian, positiboen gorakada

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 6.781 antigeno eta PCR proba egin zituzten atzo, eta horietatik 480k eman zuten emaitza positiboa –astelehenean baino 118 gehiagok–: 82 kasu zenbatu zituzten Araban, 228 Bizkaian, 169 Gipuzkoan eta bat hiru lurralde horietatik kanpo. Gaur-gaurkoz, positibotasun tasa %7,1ekoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Atzo, 43 pertsona ospitaleratu zituzten Osakidetzaren zentroetan, eta uneotan 277 lagun daude Osakidetzaren zentroetan; horietatik 77 pertsona daude ZIUn.

Nafarroan, bestalde, 147 positibo zenbatu zituzten atzo, herenegun baino 59 kasu gehiago; azaroaren 27az geroztik atzeman duten zifrarik altuena da hori. Positibotasun tasa %6,5ean dago lurralde horretan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!