“Eskola-kirolak ezinbesteko jarduera izan behar du, haurren osasunean duen garrantziagatik"

Karkara 2021ko urt. 14a, 15:57

Orio Eragin Eskubaloi klubeko zuzendaritzako kidea da Maria Azkue. Eskola-kirolak umeen garapenean duen garrantzia kontutan hartuz, azken hilabeteetan hartu diren neurriekin desadostasuna agertu du, “haurren sedentarismoa areagotu dutelako”.

Donostian manifestazioa egin zuten 2.000 lagun inguruk larunbatean, eskola-kirola martxan jartzeko eskatuz. Bultza Kirola plataformak deituta egin zen mobilizazioa, eta Orio Eragin Eskubaloi klubeko hainbat jokalari, guraso eta arduradun han izan ziren.

"Duela bi hilabete sortu zen Bultza Kirola plataforma, eta bostehundik gora talde ordezkatzen ditu; tartean, gurea", dio Maria Azkuek. Orio Eragin Eskubaloi klubeko zuzendaritzako kidea da bera. Izurritearen kontra hartu diren ondorioz, kirol jarduera ugari debekatu edo mugatu da azken hilabeteetan, eta Azkueren iritziz, kaltetuenak haurrak izan dira. "Kirol federatuan jarduten direnek eta pertsona helduek, modu batera edo bestera, izan dute entrenatzen jarraitzeko aukera kasu askotan, baina eskola-umeen kasuan, errotik moztuta izan dute lehiaketak eta entrenamendu saioak egiteko aukera", azaldu du.

Orio Eragin eskubaloi taldeak sei talde ditu kirol federatuan, eta, bestalde, herriko ikastetxeetako eskola-umeekin jarduerak ere egiten dituzte. Azken hauen sedentarismoak gora egin du azken hilabeteetan, Azkueren arabera. Horrek eragindako kezkak eraman zituen Orio Eraginekoak Donostiako kale agerraldian parte hartzera. "Eskola-kirolaren geldialdiak kalte zuzenak eragin ditu haurrengan, entrenamendu saioak eta partidak jarduera fisikorako gune garrantzitsuak direlako adin horretan. Nire ustez, kirolak ezinbesteko garrantzia du haurren osasun fisikoa eta eta emozionala bermatu nahi bada, eta izurritearen testuingurua kontuan izanez gero, are handiagoa", dio konbentzituta.

Azkueri ez zaio justua iruditzen haurrei eskola-kirola egiteko eskubidea ukatu izana, "modu seguru eta arduratsuan egitea posible delako, haurrak arriskuan jarri gabe. Nire iritziz, osasun neurriak ondo gordez gero, kirola ez da gune arriskutsua; ez behintzat gizarteko beste esparru batzuk baino gehiago".

Aste honetatik martxan
Eusko Jaurlaritzak aste honetan iragarri ditu izurriteari aurre egiteko osasun neurri berriak. Horietan zehazten denez, haurrek eskola-kirola egiten hasteko aukera izango dute aurrerantzean, herriko intzidentzia tasa 500etik pasatzen ez den heinean. "Pozarren hartu dugu aste honetako berria, baina oraindik lana dago egiteko. Aurreneko urratsa besterik ez da hau. Denborarekin, eskola-kirola ezinbesteko jardueratzat hartzea gustatuko litzaiguke, hori da helburua", dio baikor Azkuek.

Orio Eragineko jokalariak "pozik" daude, martxan hasteko aukera dutelako. "Taldeko txikienen jarrera eredugarria da guztiz. Edozer trabari aurre egiteko indarra erakusten dute".

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!