Aian eta Orion hiru eta bi positibo detektatu dituzte, hurrenez hurren

Karkara 2021ko urt. 14a, 14:07

Orion zertxobait jaitsi da intzidentzia tasa atzotik eta 342,47koa da gaur gaurkoz. Eskualdeari dagokionez, Osakidetzak hogeita bi positibo detektatu ditu guztira azken orduetan. Azken hirugunetan emandako daturik onena da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak hiru positibo detektatu ditu Aian azken orduetan. Orion, berriz, bi izan dira, eta intzidentzia tasak zertxobait behera egin du, baina oraindik eremu laranjan da herria. 358,77tik 342,47ra jaitsi da tasa, hain zuzen ere.

Urola Kosta eskualdean azken bi egunetan baino kasu gutxiago zenbatu dituzte. Zumaian baieztatu dituzte positibo gehien, bost guztira. Zumaiak eremu gorriko herria izaten jarraitzen du, eta gainera, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatuaren tasak gora egiten jarraitzen du han. Herenegun baieztatutako kasuen ondoren 783,56an zegoen tasa atzo, baina atzoko probetan atzemandako kasu berrien ondoren gaur 824,26ra igo da; 40 kasu zenbatu dituzte Zumaian azken zazpi egunetan.

Zarautzen ere bi kasu hauteman dituzte, eta ez da intzidentzia tasan gorabeherarik izan. Atzo bezala, gaur ere eremu horiko herria izaten jarraituko du Zarautzek, tasa 244,14koa baita han; azken astean hogei positibo detektatu dituzte.

Azkoitian lau kasu positibo berri atzeman zituzten atzo. Intzidentzia tasak ere azken egunetako joerari eutsi dio han, eta gora egin du atzo detektatutako kasu berrien ondoren. 325,46an kokatu da tasa gaur, eta eremu laranjan jarraitzen du. Azken zazpi egunetan 27 kasu positibo hauteman dituzte Azkoitian.

Azpeitian ere lau kasu positibo zenbatu zituen Osasun Sailak atzo. Azpeitia eremu laranjatik eremu horira jauzia egitear da, izan ere, atzo intzidentzia tasa 328,52koa bazen ere, gaur 302,23ra egin du behera; 300 positiboko tasatik jaistean lortuko du Azpeitiak eremu horian sartzea. Azkoitian bezala, han ere 27 kasu positibo zenbatu dituzte azken astean.

Aizarnazabalen eta Errezilen ere hauteman dituzte positiboak, bi herrietan kasu bana. Beizaman, Getarian eta Zestoan ez da agerraldi berririk izan.

1.000 kasuren bueltan

Hego Euskal Herriak 1.000 kasu positiboren bueltan jarraitzen du oraindik. Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.021 PCR eta antigeno test egin zituen atzokoan –azken egunetan baino gutxiago– eta guztira 771 kasu berri hauteman zituen. Bizkaian zenbatu zuten atzokoan ere kasu gehien, izan ere, 428 lagunek eman zuten positibo. Gipuzkoan, aldiz, 209 laguni detektatu zioten positiboa eta Araban 119 pertsonari. Proba gutxiago eginagatik ere, positibotasun tasa ia puntu bat igo da hiru lurralde horietan, %5etik %5,9ra hain zuzen ere. Nafarroan, bestalde, 208 kasu berri baieztatu zituzten atzokoan Osasunbideak, azken bi hilabeteetako kopururik handiena da hori.  2.691 proba egin zituzten Nafarroan, eta positibotasun tasa %7,7an kokatu da.

Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan 368 lagun daude gaur-gaurkoz Osakidetzako erietxeetan ospitaleratuta; azken egunetako zifrarik handiena da hori. Atzo beste 74 lagun ospitaleratu zituzten, Osasun Sailaren arabera “COVID-19arekin lotuta”. Zainketa berezia behar duten pertsonak, berriz, 83 dira. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea 1,24an kokatu da; Gipuzkoako batez bestekoa, berriz, 1,16ra igo da atzoz geroztik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!