500eko langa gainditu du Aiako intzidentzia tasak

Aiora LarraƱaga - Ihintza Elustondo 2021ko urt. 15a, 14:16

Lau kasu positibo zenbatu dituzte Orion eta bi Aian, baina azken honetako intzidentzia tasa 503,78koa da gaur-gaurkoz.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, lau positibo berri baieztatu zituzten atzo Orion eta bi Aian. Dena dela, Aiako intzidentzia tasa 503,78koa da gaur-gaurkoz, eta ikusteko dago oraindik Osasun Sailak astelehenean mugak ixtea erabakiko duen ala ez. Orion, berriz, 407,7koa da tasa egun, eta eremu laranjan dago.

Azken astean atzemandako kasuak kontuan izanda, berriro goranzko joera hartu du kutsatu kopuruak Aian eta Orion. Azaroaren erdialdean gogor kolpatu zituen koronabirusak bi herriak: 800etik gorako intzidentzia tasa izan zuten Aian, eta 1.300etik gorakoa Orion. Olatu horren ondoren barealdia iritsi zen, eta abenduan zehar kasu gutxi izan ziren. Hala ere, Gabonetatik egunez egun hazten ari da positibo kopurua eta azken astean zazpi positibo berri zenbatu dituzte Aian eta 20 Orion.

Eskualdean, berriz, 31 positibo zenbatu zituzten atzo; herenegun baino bederatzi gehiago. Zumaian dute egoerarik txarrena; hamahiru positibo zenbatu dituzte herri horretan, eta 926,02ko intzidentzia tasa dute gaur-gaurkoz. Eremu gorrian segitzen dute, eta, beraz, mugek itxita jarraituko dute.

Mugak itxita dituen beste herri bat Aizarnazabal da. Atzo ez zuten batere positiborik zenbatu, baina azken egunetako positibo kopurua dela eta, 7.412,22ko intzidentzia tasa dute han; beraz, herritik atera gabe jarraitu beharko dute bertako bizilagunek.

Gainontzeko kasu positiboak honako herri hauetan zenbatu zituzten: Azpeitian lau; Zarautzen, hiru; Azkoitian eta Zestoan, bina; eta Getarian, bat.

Hego Euskal Herriko datuak

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 13.224 antigeno eta PCR proba egin zituen Osakidetzak atzo. Horietatik 760k eman zuten emaitza positiboa; %5,6k, alegia. Bizkaian 412 positibo zenbatu zituzten, Gipuzkoan 239 eta Araban 100. Nafarroan, berriz, 226 kasu zenbatu zituzten atzo, bezperan baino hamahiru gehiago. 2.861 proba egin zituzten atzo lurralde horretan, eta %7,9koa da positibotasun tasa.

Osakidetzaren zentroetan 50 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta, guztira, 367 pertsona daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan; horietatik 84 ZIUn. Nafarroan, ZIUko oheen %11,20 daude beteta COVID-19 gaitza duten pazienteekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!