Aurtengo txakolina aurkeztuko dute bihar

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko urt. 16a, 17:16

Getariako Txakolina jatorri izenak 34 upategi biltzen ditu eta horietako hiru dira Aiakoak –Arbela, K5 Argiñano eta Zudugarai– eta bat Oriokoa, Katxiña.

Getariako Txakolina jatorri izenak aurtengo uzta aurkeztuko du bihar eguerdian Getarian. Normalean, aurkezpen jendetsua egin ohi dute Getariako pilotalekuan, eta ondoren txakolina dastatzeko aukera izaten dute herritarrek. COVID-19ak sortutako egoera dela eta, ordea, aurten ekitaldi instituzionala egingo dute Cristobal Balenciaga Museoan, eta erakundeetako ordezkariek, upategietako arduradunek eta hedabideek soilik parte hartuko dute.

Aurtengoa ez ohiko aurkezpena izango bada ere, urtero bezala Mahasti Jauna izendatuko du Getariako Txakolina jatorri izenak. Hala, pandemian egiten ari den lana eta mahats-bilketa konplexu batean emandako laguntza aitortu nahi dio Osakidetzari jatorri izenak. Izan ere, 2020ko mahats bilketaren aurretik 750 PCR proba antolatzen lagundu zion Osakidetzak Getariako Txakolina jatorri izenari, Euskadiko mahastizaintza eta ardogintza sektorearen eta administrazioaren artean akordioa lortu ondoren. Era berean, jatorri izenak eskerrak dizkie Donostiako ESIko eta DYAko langileei irailean mahats-bilketan parte hartu zuten langileei bi egunetan PCR probak egiteko eman zuten laguntzagatik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!