Txakolin berria aurkeztu dute gaur Getarian

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2021ko urt. 17a, 15:27
Aiako Zudugarai eta Orioko Katxiña upategietako ordezkariak aurkezpen ekitaldian.

Ekitaldian parte hartu dute erakundeetako eta upategietako ordezkariek, tartean Aiako eta Orioko txakolindegietako kideek. Hala, aurtengo txakolina “biribila eta oso orekatua” dela azaldu du Getariako Txakolina jatorri izeneko presidente Emiliano Ostolazak.

Gaur eguerdian, ekitaldi instituzionala egin dute Cristobal Balenciaga Museoan erakundeetako eta upategietako ordezkariek, txakolin berria aurkezteko. Ez ohiko aurkezpena izan bada ere, urtero bezala, Mahasti Jauna izendatu du Getariako Txakolina jatorri izenak. Hala, pandemian egiten ari den lana eta mahats bilketa konplexu batean emandako laguntza aitortu nahi izan dio Osakidetzari. Izan ere, 2020ko mahats bilketaren aurretik 750 PCR proba antolatzeko laguntza eman zion Osakidetzak Getariako Txakolina jatorri izenari, Euskadiko mahastizaintza eta ardogintza sektorearen eta administrazioaren artean akordioa lortu ondoren. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jaso du oroigarria, “Osakitzeko lan profesional guztien izenean”. Sagarduik aitortu du “ohorea” izan dela aitortza hori jasotzea, baina “elkarlanaren” fruitua izan dela zehaztu nahi izan du. “Laguntza eskatu zeniguten mahats bilketan gauzak ondo joan zitezen eta ahalegindu ginen ematen. Dena dela, gauzak ez ziren behar den bezala aterako, jatorri izena osatzen duten upategien prestutasunik gabe, egin genituen PCR probez gain, lana beste era batera antolatu baitzenuten. Behin eta berriz esaten dut beste modu batean bizitzen ikasi behar dugula COVID-19ari aurre egiteko, eta hori da mahats bilketan guztion artean lortu genuena. Elkarlanean eta auzolanean oinarrituta lortu dugu hori”, azaldu du Osasun sailburuan agerraldian. Hitzartzea bukatzeko, Sagarduik gogoratu du egoera “kezkagarrian” dagoela pandemia, eta irtenbidea emateko gizarte osoaren arteko “elkarlana” ezinbestekoa dela.

Aurtengo uzta
2020an 4.353.000 mahats kilo bildu zituzten Getariako Txakolina jatorri izeneko upategiek, 2019an baino %30 gehiago, eta jatorri izeneko presidente Emilio Ostolazak azaldu du “urte aparta” izan dela kantitateari eta kalitateari dagokionez, eta txakolin “biribila eta oso orekatua” lortu dutela, 11,5-12 gradu ingurukoa. Hala, hiru milioi litro txakolin ekoiztu dituzte, 3.900.000 botila inguru, hain zuzen ere. Orain, ekoizpena merkaturatzea izango da sektorearen erronka, COVID-19a dela eta salmentan jaitsi egin baitira. “Egoerari buelta eman eta hobera egitea espero dugu, ea esportazioek gora egiten duten, oraingoz nahiko geldirik dago gaia eta”, azaldu du jatorri izeneko presidenteak.

Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburu Arantza Tapiak sektoreak egiten duen lan bikaina azpimarratu nahi izan du gaur Getarian, eta eskerrak eman dizkie bereziki Ruth Mozo jatorri izeneko idazkariari eta Emilio Ostolaza presidenteari. Izan ere, “zailtasunak zailtasun” aurtengo txakolinaren aurkezpena egiteko “ahalegin handia” egin dutelako. “Gure produktuak merkatuan jartzeko momentuan horrelako ekimenek lagundu egiten dute. Eskerrik asko ausartu zaretelako”. Bestetik, sektoreak egindako lana aitortu du Tapiak, 2020 urtea “oso zaila” izan delako. “Txakolindegietako kide3k lortu duzue uztarekin aurrera egitea eta gaur txakolin berria aurkeztea. COVID-19ak ekarri duen ziurgabetasunari aurre egin diozue. Badakigu merkatu batzuk itxi egin direla eta ostalaritzaren gaiak ere zailtasunak sortu dizkizuela, baina uzta berria merkaturatzeko ahalegina egin behar dugu denon artean. Txakolina nazioartera ateratzeko egiten ari zineten lanari jarraipena eman behar diogu, pandemia pasako delako, eta ordurako prest egon behar dugulako. Beraz, jarri dezagun begirada etorkizunean, beti egin duzuen moduan; gure babesa izango duzue horretarako”, azaldu du Arantza Tapiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendari Xabier Arrutik, bestalde, sektoreari eta gizarteari animo mezua bidali die, “negu luze eta gogorra izango da, baina udaberria ate joka dugu. Ilusio horrekin jarraitu behar duzue upategiek txakolina egiten. Gizarteak bizipoza falta du, eta txakolina ez da gaitzari aurre egiteko txertoa izango, baina bizipoza emateko ederra da. Hala, herritarrek jakitun izan behar dute txakolina kontsumitzea sektoreari laguntzeko modua ere badela. Beraz, bizi-poztu gaitezen gure txakolinarekin”.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!