Semaforo gorria piztu da Orion, eta bihartik aurrera herria itxiko dute

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 18a, 13:56

Osakidetzak hamar positibo detektatu ditu Orion asteburuan, eta herriko intzidentzia tasak 500eko langa gainditu du. Horregatik, bihartik aurrera itxita egongo da herria. Aian, berriz, bi izan dira asteburuan atzemandako positiboak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak argitara eman berri dituen datuen arabera, Orion hamar positibo atzeman dituzte asteburuan, eta horren ondorioz, herriko intzidentzia tasak 500eko langa gainditu du: 554,57koa da gaur gaurkoz, hain zuzen ere. Ondorioz, bihartik aurrera herria itxiko da: sartu-irtenak mugatuak izango dira, ostalaritza sektoreak ateak itxi beharko ditu eta eskola-kirola ere ezingo da egin. Aiari dagokionez, Osakidetzak 2 positibo detektatu ditu asteburuan. 

Azpeitia da asteburuan positiborik gehien atzeman dituzten eskualdeko herria, 25 hain zuzen —zazpi ostiralean, hamabi larunbatean eta sei atzo—. Ondorioz, intzidentzia tasak igoera nabarmena izan du, 274,45koa zen ostiralean eta 413,93koa zen atzo, eta beste behin ere eremu laranjara igaro da.

Zumaian, beste hamabi positiborekin —ostiralean lau, larunbatean hiru eta atz bost—, oso kezkagarria izaten jarritzen du egoerak. Ostiraleko intzidentzia tasa bera dute, 926,02koa, eta horrenbestez, herriko sarrera-irteerek eta ostalaritza sektoreak itxita jarraituko dute eta gaztetxoek ezingo dute eskola kirolik egin.

Aizarnazabalen ere eremu gorriko mugekin jarraituko dute datozen egunetan, baina egoerak baretzera egin duela ematen du. Intzidentzia tasak oso altua izaten jarraitzen du, 6.111,83koa, baina asteburu guztian positibo bakarra atzeman dute.

Azkoitian zortzi positibo baieztatu dituzte azken hiru egunotan —ostiralean bi, larunbatean lau eta atzo bi—, eta 358,84koa da intzidentzia tasa; Zestoan zazpi, —ostiralean bost eta larunbatean bi— eta 231,12koa da tasa; eta Zarautzen sei —ostiralean eta larunbatean bana eta atzo lau— eta 239,86koa da tasa. Getarian bi positibo baieztatu dituzte asteburuan, eta bat bera ere ez Beizaman eta Errezilen.

Hego Euskal Herrian, milako mugaren azpitik

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, beste 847 kasu positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Bigarren egunez jarraian, eguneko positiboen kopurua 900 kasutik beherakoa da Hegoaldean, baina aipatzekoa da egun bakoitzean egindako test kopuruak asteburuan izandako beherakada. Izan ere, egun bakarrean zenbatutako positiboen kopuruak milakoa gainditu zuen joan den ostegunean (1.030), baina ia 5.000 test gehiago egin ziren egun hartan. Atzo 9.621 proba egin zituzten Osasunbideak eta Osakidetzak, eta horien %8,8k eman dute positibo. Gainera, positiboen ehunekoa nabarmen handiagoa da Nafarroan: %11,7.

Lurraldeka, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien, beste behin. Zehazki, Osakidetzak 358 positibo detektatu ditu lurralde horretan. Bizkaiak Nafarroa du atzetik; 199 kasu izan dira foru erkidegoan. Gipuzkoan 187 zenbatu dituzte, eta Araban 90.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi zuenez, atzo 40 pertsona eraman zituzten erietxera Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. 507 lagun daude Osakidetzaren ardurapeko ospitaleetan erietxeraturik. Horietan, 98 lagun daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan; azken lau asteetan erregistratutako daturik txarrena da.

Nafarroako Osasun Departamentuak oraindik ez du eman ospitaleen gaineko informaziorik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!