Bost positibo detektatu dituzte Orion azken orduetan

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 19a, 13:31

Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak emandako datuen arabera, 636,01era igo da Orioko intzidentzia tasa. Aian, aldiz, ez da positiborik izan.

Hirugarren olatuaren aparrean, beste 21 positibo zenbatu zituen atzo Osakidetzak Urola Kostan. Orion detektatu zituzten kasu gehien –bost guztira– eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak gora egin du herrian: 554,47ko intzidentzia tasa zen herenegun, eta 636,01ekoa atzo. Eremu gorrian sartuta jarraitzen du Oriok, eta ondorioz, gaurtik herria itxita dago: 500eko langa jaitsi arte ezingo da sartu-irtenik egin herritik. Aian, bestalde, ez dute positiborik atzeman azken orduetan.

Eremu gorrian jarraitzen duen eskualdeko beste herri bat Zumaia da. Atzo beste hiru kasu zenbatu zituzten, eta intzidentzia tasak bere horretan jarraitzen du. 926,02ko tasarekin, 5.000 bizilagunetik gorako herrietan Gipuzkoako handiena izaten jarraitzen du. Gaur egun zazpi udalerri daude Gipuzkoan eremu gorrian.

Azpeitian eta Azkoitian semaforoak laranja kolorean piztuta jarraitzen du. Atzo lau kasu izan zituzten Azpeitian, eta bi Azkoitian. Kasu metatuen tasak bere horretan jarraitzen du Azpeitian –413,93–, baina zertxobait gora egin du Azkoitian, 358,84tik 367,19ra.

Eskualdeko beste bi herritan izan zituzten atzo positiboak: lau Zestoan, eta hiru Zarautzen. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zituzten atzo kasu positiborik izan.

Kasuak gorantz Hego Euskal Herrian

Neurriak zorrozteak ez du oraingoz emaitzarik eman Hego Euskal Herrian. 1.132 kasu izan ziren atzo, eta egindako proben positibotasun tasak oso goian jarraitzen du. 

10.755 proba egin zituen atzo Osakidetzak, eta 894k eman zuten positibo, %8,3ko positibotasun tasarekin. Bizkaian izan ziren atzo kasu gehien –530–; 132 Araban, eta 227 Gipuzkoan. Beste jatorri batzuetako bost positibo ere izan ziren atzo. 

82 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan, COVID-19ak eragindako gaixotasunengatik. ZIUn, berriz, 96 lagun zeuden atzo.

Nafarroan, berriz, 2.724 egin zituen astelehenean Osasunbidek, eta 238k eman zuten positibo. Lurralde honetako positibotasun tasa %8,7koa zen atzo. Handia da, baina bezperan izandako %11,7tik hiru puntuan jaitsi da. 

Nafarroako Gobernuak ez du oraingoz ospitaleratuen daturik eman.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!