Lau positibo berri atzeman dituzte Orion, eta bat bera ere ez Aian

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 20a, 13:16

Kasu metatuen tasak gora egin du Orion eta gaur gaurkoz 668,62koa da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi ditu koronabirus datuak eta Orion beste lau kasu atzeman zituzten atzo; hala, kasu metatuen tasak gorantz egin du: 636koa zen tasa herenegun, eta 668,62koa atzo. Astelehenetik itxita dago herria, eta gorriz dauden beste herrietan bezala, 500eko langa horretatik jaitsi arte itxita jarraituko du. 

Aian, berriz, pasa den ostiralean intzidentzia tasa 500eko langatik pasa bazen ere, oso positibo gutxi izan dituzte azken egunetan –atzo eta herenegun, esaterako, ez zuten kasu bat bera ere zenbatu–, eta gaur-gaurkoz 453,40koa da.

Guztira 41 kasu izan ziren atzo eskualdean. Azpeitia eremu gorrira itzuli da atzo beste 21 positibo detektatu ondoren. Zumaian beste lau positibo detektatu zituzten atzo, eta gutxi bada ere intzidentzia tasa jaitsi da: azken egunotan 926an zegoen tasa, eta atzo 783,56an. Aipatutakoez gain, launa kasu izan ziren Zarautzen eta Zestoan. Aizarnazabalen eta Azkoitian bina kasu izan zituzten, eta ez zuten atzo positiborik izan Beizaman, Errezilen eta Getarian.

Mila kasutik gora Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian beste 1.246 kasu izan ziren atzo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.774 proba egin zituzten, eta 1.046k eman zuten positibo. Hiru lurraldetako positibotasun tasa %7,6koa zen atzo. Araban 110 positibo izan zituzten, 616 Bizkaian, 298 Gipuzkoan, eta hemendik kanpoko beste 22 pertsonak ere positibo eman zuten. 

Osakidetzak emandako datuen arabera, atzo beste 97 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19ak eragindako gaixotasunekin. ZIUn, aldiz, 83 lagun zeuden atzo, bezperan baino bat gehiago.

Nafarroan, aldiz, zertxobait egin dute behera kasu positiboek. Atzo 200 kasu izan zituzten egindako 3.226 probetan. Bezperan baino 39 kasu gutxiago dira. Positibotasun tasa %6,2koa zuten atzo Nafarroan. Osasunbidek ez du eman ospitaleratuen daturik. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!