Beste bost positibo detektatu ditu Osakidetzak Orion, eta Aian bi

Andoni Elduaien 2021ko urt. 21a, 13:51

Orioko intzidentzia tasa 717,55era igo da, eta Aiakoak ere 500eko langa pasa du: 554,16koa da gaur gaurkoz, hain zuzen ere. Dena den, Aia ez dute itxiko, Eusko Jaurlaritzak zabaldutako informazioaren arabera.

Intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen du Orion. Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak beste bost positibo detekatu zituen atzo herrian, eta horren ondorioz, zifra 711,55era igo da. Eremu gorrian jarraituko du herriak. Bestalde, Osakidetzak bi positibo detektatu ditu Aian azken orduetan, eta intzidentzia tasa 554,16ra igo da. Halere, Eusko Jaurlaritzak kaleratu duen ebazpenean ez du Aia sartu itxiko diren herrien zerrendan.

Eskualdeari dagokionez, beste 50 kasu berri baieztatu dituzte denera, eta hirugarren olatuaren eragina handitzen doa egunez egun. Azpeitian baieztatu zituzten atzo ere kasu gehien, hemezortzi denera. Bihar, ostiralarekin, itxiko dute Azpeitia, intzidentzia tasak 500eko langa gainditu zuelako atzo, urtarrilak 20. Gaur, gainera, gora egin du tasa horrek, eta 650,46an kokatu da. Horrenbestez, herriko sarrera-irteerak eta ostalaritza ixteko aginduko du Eusko Jaurlaritzak, eta taldeko kirola ere debekatuko du. Neurri horiek bihar bertan sartuko dira indarrean, eta gutxienez datorren ostiralera arte egongo dira egoera horretan.

Azpeitiaren atzetik, Zarautzen atzeman zituzten atzo kasu gehien; han 11 kasu positibo berri zenbatu zituzten. Hala eta guztiz ere, intzidentzia tasa 201,31koa da Zarautzen, eta eremu horian izanik, urrun dituzte oraingoz Jaurlaritzak ezartzen dituen neurri gogorrenak. Nabarmendu behar den beste herria Zestoa da. Izan ere, lau kasu berri atzemanda 539,29ko intzidentzia tasara ailegatu da, eta Azpeitian bezala han ere ez da bihartik aurrera gogortuko ditu neurriak Jaurlaritzak. Mugitzeko askatasuna mugatzeaz gain, ostalaritza guneak eta taldean kirola egitea galaraziko dituzte.

Oriorekin batera, dagoeneko itxita dauden herriak dira Zumaia eta Aizarnazabal. Lehenengoan, lau kasu positibo berri hauteman zituzten atzo egindako probetan, eta 773,38an da tasa. Aizarnazabalen, berriz, hiru kasu berri zenbatu zituztern, eta eskualdeko tasarik handiena duen herria izaten jarraitzen du 4.551,37ko tasarekin. Azkoitiak azken lau egunetan ez du lau kasu positiboko langa gainditu, eta eremu laranjan jarraituko du, 367,19ko tasarekin. Beizaman, Errezilen eta Getarian ez dute kasu positiborik hauteman azken orduetan.

Kasuak areagotzen

Hego Euskal Herrian, bestalde, 1.340 kasu positibo atzeman zituzten. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.664 PCR eta antigeno test egin zituen Osasun Sailak atzo, eta 1.115 kasu detektatu zituen. Osasunbideak, aldiz, 3.081 proba egin zituen Nafarroan, eta 225 kasu positibo atzeman zituen. Lurraldeen arabera, egoerarik okerrena Bizkaian dute. 622 kasu zenbatu zituzten han, 299 Gipuzkoan eta 176 Araban. Halere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hemezortzi kasu ere baieztatu dituzte.

Osasun erakundeek ez dute argitu oraingoz hiru lurralde horietan zenbat pertsona dauden ospitaleratuta; hala eta guztiz ere, Osakidetzak adierazi du zainketa berezia behar duten 101 pertsona daudela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horiek ZIUan ospitaleratuta daude. Nafarroan positibotasun tasa %7,3an kokatu da, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %8,2an. Azken hiru lurralde horietan, gainera, R0 indizea 1,18koa da.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!