Lau positibo atzeman ditu Osakidetzak Orion, eta intzidentzia tasa 750,16ra igo da

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 22a, 14:20

Eskualdeko intzidentzia tasarik altuena du Oriok, gaur gaurkoz, Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak eman berri dituen datuen arabera. Aian, aldiz, ez dute COVID-19 kasurik atzeman azken orduetan.

Positiboen jarioak ez du etenik izan Orion astean zehar, eta horren ondorioz, herriko intzidentzia tasak igotzen jarraitu du, 500eko langa igaro eta gero ere. Gaur emandako datuen arabera, 750,16koa da herriko intzidentzia tasa, atzo zenbatutako lau positiboekin 33 puntu igo eta gero.

Grafikoan ikusten denez, izurritearen hirugarren olatuaren eragina nabarmena da herrian, eta urtarrilaren lehen egunetatik, marrak goranzko joera garbiarekin jarraitzen du. Datorren astean eta hurrengoetan ikusiko da indarrean sartu diren neurriak eraginkorrak diren, edo marrak gora egiten jarraituko duen, bigarren olatuan gertatu zen bezala. Orduan, azaro erdialdean, intzidentzia tasa ia 1.400ekoa izatera iritsi zen.

Aiari dagokionez, Osakidetzak ez zuen kasu positiborik detektatu atzo herrian.

Eskualde mailan, izurriteren egoerak kezkagarria izaten jarraiten du. Atzo beste 34 kasu zenbatu zituzten Urola Kostan. Horietatik hamahiru Azpeitian izan ziren. Asteartean sartu zen Azpeitia eremu gorrian, egun bakarrean 21 kasu baieztatu ondoren. Zazpi eguneko epean 81 kasu izan dituzte Urola erdiko herrian, eta ondorioz gorantz egin du 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak. Atzokoari dagokionez, intzidentzia tasa 716,16an zegoen. bezperan bainoo 66 puntu handiagoa. Gaurtik itxita dago herria, eta justifikatutako arrazoiengatik ez bada, ezingo da Azpeitian sartu edo herritik atera.

Zumaian, berriz, apurka bada ere, beherantz egin du intzidentzia tasak. 742,85ko tasa zuen atzo herriak, bezperan baino 31 puntu gutxiago. Atzo beste hiru kasu zenbatu zituzten herrian.

Gaurtik itxita dagoen beste herri bat Zestoa da, 500eko langa igaro ondoren. Atzo beste bi positibo izan zituzten, eta kasu metatuen tasa 590,65ekoa du une honetan, asteazkenekoa baino 50 puntu handiagoa. Azkoitian eta Zarautzen seina kasu detektatu zituzten atzo, eta eremu horian jarraitzen du kostako herriak. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zituzten atzo positiborik izan.

Ia 1.500 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko datuak ere kezkatzeko modukoak dira. 1.445 positibo detektatu zituzten Osakidetzak eta Osasunbidek.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.154 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 1.139 positiboak izan ziren. Positibotasun tasa %8,7koa izan zen hiru lurralde hauetan. Araban 174 kasu izan zituzten, 639 Bizkaian eta 319 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpokoak diren zazpi lagunek ere positibo eman zuten.

Ospitaleratutako pertsonen kopuruak ere gorantz egin zuen atzo; beste 109 lagun ingresatu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan; ZIUn, berriz, 77 lagun zeuden atzo, bezperan baino zazpi gutxiago.

Nafarroan positiboen hazkunde handia izan zuten atzo: 305 positibo detektatu zituzten egindako 3.469 probatan. Positibotasun tasa %8,8koa izan zen atzo lurralde honetan. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!