Hego Euskal Herrian 1.000 positibo berri baino gehiago zenbatu dira azken orduetan

Larunbateko datuak ostiralekoak baino hobeak diren arren, egindako PCR eta antigeno probak ere gutxiago izan dira. Hala, positibo eman dutenen ehunekoak antzekoa izaten jarraitzen du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (%8,3). Datua hobetu du, hori bai, Nafarroak (%6,5).

Hego Euskal Herrian 13.207 PCR eta antigeno proba egin ziren atzo, larunbata, Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera. 2.555 proba Nafarroan egin ziren, eta gainerakoak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Denera 1.046 lagunek eman zuten positibo, bezperan baino 350 gutxiagok: 98k Araban; 166k Nafarroan; 249k Gipuzkoan; eta 528k Bizkaian.

Ostiralean positibo gehiago egon ziren lurralde guztietan, batez ere Nafarroan, baina orduan egindako probak ere gehiago izan ziren; horregatik, zaila da jakitea egoerak hobera egin duen ala ez.

Hori bai, positibotasun tasak altua izaten jarraitzen du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, proba egindakoen %8,3k eman zutelako positibo (bezperan %8,4koa izan zen ehunekoa). Nafarroan hobea da datua, %6,5ekoa zelako positibotasuna atzo.

Osakidetzaren ardurapeko ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 64 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta COVID-19a duten 120 pertsona daude ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan. Azken datuen arabera, Nafarroan 196 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 26 ZIUn.

Herrikako datuak, bihar

Bihar, astelehena, jakinaraziko dituzte herriz herrikako datuak. Asteburuan zenbat positibo berri egon diren jakingo da batetik; eta bestetik, herri bakoitza zer eremutan kokatuta dagoen. Hau da, jakingo da larritasunaren arabera zehaztu diren eremu hori, laranja ala gorrian dagoen herri bakoitza. Larunbatera arte, eskualdeko bost herri zeuden eremu gorrian: Aizarnazabal, Azpeitia, Orio, Zestoa eta Zumaia. Ondorioz, herri horietan itxita daude ostalaritza guneak, eta ezin da herritik atera, ezta sartu ere, justifikatutako arrazoiengatik ez bada.

Eusko Jaurlaritzak ostiralean iragarritako neurri berriak ere bihar, astelehena, sartuko dira indarrean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!