Indarrean sartu diren murrizketa berrien inguruko zenbait argibide

Aitziber Arzallus 2021ko urt. 25a, 18:15

Hirugarren olatuari aurre egiteko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaile berriak ezarri ditu gauerdian: herritarren biltzeko eta mugitzeko eskubidea are gehiago mugatu dizkie. Hona hemen zalantzak argitzeko hainbat irizpide, galdera-erantzun moduan: 

Zenbat laguneko taldeetan elkar daitezke herritarrak?
Gehienez lau laguneko taldeetan, eremu publikoan zein pribatuan, leku itxietan zein irekietan. Eskoletan eta lantokietan talde handiagoetan elkar daitezke, tokian tokiko protokoloak errespetatuta. Baimendutako kirol jardueretan ere sei lagunera arteko taldeetan elkar daitezke.

Etxeratze aginduak indarrean jarraitzen al du?
Bai, 22:00etatik 06:00etara ez dago kalean ibiltzerik.

Atera al daiteke maskota 22:00ak ondoren?
Ez.

Atera al daiteke norberaren bizileku den udalerritik?
Ez, ez bada hezkuntza, lan, zaintza eta osasun arrazoiengatik. Abian diren kirol lehiaketetan parte hartzen duten kirolariak ere atera daitezke herritik lehiatzera eta entrenamenduetara joateko.

Atera al daiteke Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mugetatik?
Ez, ez bada justifikatutako arrazoiengatik.

Beharrezkoa al da irteera horiek justifikatzeko agiriren bat izatea?
Oso komenigarria da.

Nola justifikatu daiteke beste udalerri batera joateko arrazoia adinekoen edo adingabeen zaintza dela?
Egiaztagiriren batekin. Izan daiteke familia lotura frogatzen duen agiriren bat, zaindu behar duen pertsonaren identifikazio datuekin batera, edo zaintzailearen erantzukizunpeko adierazpen bat, artatuko duen pertsonaren helbidea eta telefonoa zehaztuta.

Udalerritik ateratzeko debekuak udalerri guztietako herritarrei eragiten al die?
Bai, berdin dio zerrenda gorrian dagoen udalerri batekoa izan ala ez. Gaurtik udalerri guztietako sarrera-irteerak daude itxita.

Joan daiteke alboko herrira jarduera fisikoa edo kirola egitera edo mendi buelta bat ematera?
Ez.

Joan daiteke alboko herrira erosketak egitera?
Soilik norberaren herrian ez dagoen produktu edo zerbitzuren bat eskuratzeko, eta beti gertueneko tokira.

Norberaren udalerriko supermerkatua txikia bada, joan al daiteke alboko herrikora erosketak egitera?
Soilik herrian ez dagoen produktu edo zerbitzuren bat behar denean.

Joan daiteke alboko herriko ileapaindegi batera?
Soilik norberaren herrian ileapaindegirik ez badago.

Joan daiteke alboko herrira kontzertu batera edo trago bat hartzera?
Ez.

Norberaren udalerriko tabernak itxita badaude, joan al daiteke alboko herrira kafe bat hartzera?
Ez.

Joan daiteke beste herri batera bilobak bisitatzera?
Bisitatzera ez, zaintzera bai.

Joan al daiteke beste lurralde batera norbait aireportura edo tren edo autobus geltokira eramatera?
Bai.

Nafar batek har al dezake Hondarribiko aireportutik abiatzen den hegaldi bat?
Ez; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatu ditzake, baina ezin du inolako jarduerarik gauzatu.

Joan al daiteke beste udalerri batera hango animalia batzuei jaten ematera?
Bai.

Joan al daiteke beste udalerri bateko hil beila edo hileta batera?
Hil dena bigarren mailara arteko senidea den kasuetan bakarrik.

Joan al daiteke Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mugetatik kanpoko bigarren etxebizitzara?
Ez.

Joan al daiteke beste udalerri bateko bigarren etxebizitzara?
Ez.

Baimenduta al dago adinekoen egoitzetara joatea?
Bai, zentroak berak baimendutako bisitak badira.

Baimenduta al daude espetxeetako bisitak?
Bai, Espetxeetako Agintaritzak emandako baimena izanez gero.

Ostalaritzako establezimenduek ireki al ditzakete ateak?
Jaurlaritzaren zerrenda gorrian ez dauden udalerrietakoek bakarrik.

Zein udalerri sartzen dituzte zerrenda gorrian?
5.000 biztanletik gorakoetan, hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 500etik gorako dutenak. 5.000tik beherakoetan, herriko egoeraz gain osasun-eremuko egoera ere hartzen dute kontuan. Zerrenda hori astelehen eta ostegun eguerdiro berritzen du Jaurlaritzak, eta hurrengo egunean sartzen da indarrean.

Ostalaritza irekita duten udalerrietan, ze ordutegi dute tabernek eta jatetxeek?
20:00etarako ateak itxi behar dituzte, eta ezin dituzte ireki 06:00ak aurretik. 21:00ak arte etxera eramateko eskaerak prestatzen jarraitzeko aukera dute, eta 22:00ak arte etxera eramateko zerbitzua eskain dezakete.

20:00ak bitartean zer zerbitzu eskain dezakete?
Terraza zerbitzua, %100ean, eta barrualdekoa edukiera erdira murriztuta. Bezeroek mahaietan eserita bakarrik kontsumitu dezakete, gehienez lauko taldeetan, eta sekula ez barran.

Zer zerbitzu eskain dezakete zerrenda gorrian dauden udalerrietako ostalaritza establezimenduek?
Eramateko eskaerak presta ditzakete 21:00ak arte, eta etxez etxeko banaketa egin 22:00ak arte.

Joko eta apustu etxeek ireki al ditzakete ateak?
Intzidentzia tasa 500etik beherakoa den udalerrietakoek bakarrik. 20:00etarako ateak itxi beharko dituzte eta ezingo dituzte ireki 06:00ak arte. Bezeroek eserita egon beharko dute uneoro.

Baimenduta al dago ostalaritza establezimenduetako jolas eta apustu makinetan ibiltzea?
Bai, baina beti eserita.

Eskola kirola baimenduta al dago?
Intzidentzia tasa 500etik beherakoa den udalerrietan bakarrik. Gehienez sei laguneko taldeetan egingo dira entrenamenduak eta ezin dira aldagelak erabili.

Baimenduta al daude eskola kiroleko lehiaketak?
Ez.

Taldean kirola egin al daiteke?
Intzidentzia tasa 500etik beherakoa den udalerrietan bai, gehienez sei laguneko taldeetan. 500etik gorakoa den udalerrietan, ez. Salbuespena dira kirolegietako, gimnasioetako eta kirol elkarteetako programatutako jarduerak, eta lehiaketa profesionaletan eta erdi-profesionaletan ibiltzen diren kirolarien entrenamenduak eta lehiaketak; horiek gehienez seiko taldeetan egin daitezke.

Derrigorra al da maskara erabiltzea barruko jardueretan?
Bai.

Derrigorra al da maskara erabiltzea kanpoko jardueretan?
Bai, salbuespen batzuekin. Maskara ken daiteke eremu naturaletan, herrigunetik kanpokoetan —oinezkorik ez bada—, igerilekuetan, lehiaketa profesional eta erdi-profesionaleko entrenamendu eta lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko biziko jakineko momentuetan.

Publiko gisa joan daiteke kirol ekitaldi batera?
Ez.

Musika tadeek eta abesbatzek entseguak egin al ditzakete?
Profesionalek eta hezkuntza arautuan daudenek bakarrik.

Dantza taldeek entseguak egin al ditzakete?
Bai, maskara jantzita, sei laguneko taldeetan eta kontaktu fisikorik gabe egitekotan.

Zer edukiera errespetatu behar dute saltokiek?
150 metro koadrora arteko establezimenduetan ezingo da edukieraren %60 gainditu; hortik gorakoetan ezingo da edukieraren %40 gainditu.

Saltokiek zer ordutegitan sal dezakete alkohola?
08:00etatik 21:00era artean.

Edan daiteke alkohola kalean?
Ez.

Erre daiteke kalean?
Besteekiko ni metroko gutxieneko distantzia mantendu daitekeenean bakarrik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!