UKUEk eskuragarri jarriko du prestakuntza saioetako edukia ostalarientzat

Eramateko eta etxerako zerbitzuak eduki duten igoera nabarmena kontuan hartuta, ostalaritzako profesionalei prestakuntza materiala eskainiko die UKUEk. 

Ostalaritzaren egoera ziurgabe eta beltza dela eta, sektore horri begira hainbat ekimen jarri ditu martxan Urola Kostako Udal Elkarteak. Besteak beste, ostalariei molde berrietara egokitzen laguntzeko prestakuntzak eskaini dituzte. Eramateko edo etxerako zerbitzuak fintzeko xedea dute prestakuntza saioek, eta udal elkartearen esanetan, "harrera ezin hobea" izan dute. 

Taberna eta jatetxeen baldintzek ez dute egonkortzera egin azken asteotan, eta establezimendu asko itxita edo ixtear daude. Hori dela eta, udal elkarteak erabaki du aipatu saioetako edukiak eskuragarri jartzea eskualdeko ostalaritza sektoreko profesional guztientzat. "Zalantzarik gabe, geroz eta indar eta garrantzia handiagoa izango dute sektorean eramateko eta etxerako zerbitzuek. Agertoki berri honetan, etxez-etxeko zerbitzuen edota eramateko zerbitzuen merkatua inoiz baino handiagoa da; aurreikuspenen arabera, urteko hazkundea %20 baino handiagoa izango da", baieztatu du UKUEk.

Eskaera edukiak eskuratzeko


Jakiak eramateko edota etxerako zerbitzua eskaintzerakoan, zain dira kontuan hartu beharreko alderdiak? Ziurgabetasun egoeratik abiatuta, epe motz eta ertainera begira jarraitu beharreko estrategiak zehazteko baliagarriak dira edukiak.

Laburbilduz, hauek dira lau saioetan jorratutako gaiak:

  1. Saioa: Food delivery kontzeptua.
  2. Saioa: Logistika, eragiketak eta marketina. 
  3. Saioa: Eskaintza gastronomikoaren diseinua.
  4. Saioa: Ikuspegi ekonomiko-finantzarioa eta markagintza (branding)

Edukiak eskuratzeko, eskaera bideratu behar da enpresa@urolakosta.eus helbidera, mezuan ondorengo datuak zehaztuta:
- Enpresaren izena
- IZK
- Emaila
- Harremanetarako pertsona
- Telefonoa

Informazio gehiagorako, mezu bat idatzi daiteke enpresa@urolakosta.eus helbidera, edo 943-89 08 08 telefono zenbakira deitu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!