Arropa biltzeko edukiontziak aldatuko dituzte asteburuan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 30a, 11:30
Orain arteko arropa-edukiontzia.

Astelehenean jarriko dituzte edukiontzi berriak, hortaz, ordura arte ez da arropla biltzeko kontainerrik izango Aian eta Orion. "Zerbitzua indartzea eta hobetzea" da UKUEren asmoa: eskualdeko 26 edukiontziak kendu eta 35 berri jarriko ditu.

Arropa eta ehunkiak biltzeko 26 gune daude Urola Kostan. Urola Kostako Udal Elkarteak jakinarazi duenez, "zerbitzua indartzeko eta hobetzeko" apustua egingo du orain: edukiontzi zahar guztiak kendu eta 35 berri jarriko ditu Aian, Getarian, Zarautzen, Orion nahiz Zumaian.

"Gaikako bilketaren baitan, arropa ere egoki kudeatu beharreko hondakina da. Berrerabili daitekeena, gainera. Horregatik, kaleko edukiontzien bitartez egiten den arropa bilketa hobetzeko, edukiontzi berriak jarriko dira", dio mankomunitateak.

Asteburu honetan ekingo diote zeregin horri. Gaur, hain zuzen, Aiako, Orioko eta Zarauzko edukiontziak kenduko dituzte, eta astelehenerako izango dira berriak. Beraz, astelehenera arte, hiru udalerri horietan ez da arropa-edukiontzirik egongo erabilgarri.

Getarian eta Zumaian hurrengo astean aldatuko dituzte kontainerrak, UKUEren arabera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!