Txotx noiz egingo

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 5a, 16:00

Aurtengo sagardo denboraldia gaur hastekoa da berez, baina hamaika dira gaur gaurkoz itxita dauden sagardotegiak. Sagardogileek urtarrilean aurkeztu zuten sasoi honetarako prestatutako protokoloa; besteak beste, ohiko txotx egiteko modua baztertu eta edaria mahaira ateratzea erabaki zuten. Sagardo berria dastatzeko aukera, ordea, kolokan dago oraindik: "Zain gaude, zain-zain".

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak urtarrilaren 19an egin zuen agerraldia, eta orduan jakinarazi zuen aurtengo sagardo sasoia otsailaren 5ean irekitzea zela asmoa. Elkarteko kideek adierazi zuten sektoreak "erronka eta konpromisoa hartu" zituela "ezohiko egoera bati aurre egiteko", eta "protokolo zehatza" osatu zuela sagardo denboraldi berrirako. Dena den, otsailak 5 ditu gaur eta sektore horretan ere ziurgabetasuna da nagusi, itxita baitaude sagardotegi asko eta asko, neurri murriztaileek hala aginduta. Horietako bat da Aiako Satxota.

Juan Ignacio Artolak honako hitzekin laburbildu du egoera: "Zain gaude, zain-zain". Satxota sagardotegiaren jabea da Artola, eta sagardogileek ere bizi duten "ezjakintasuna" erabatekoa dela azaldu du: "Ez dakigu zer egin, ez dakigu zer egin ahal izango dugun; ez dakigu ezer. Herriak itxita daude, ostalaritza establezimendu asko ere itxita daude, eta ez dakigu noiz arte luzatuko den egoera".

Protokolo berria, kolokan

"Sagardotegi garaiak duen adierazgarri nagusia sagardo berria dastatzea da, otordu eder baten bueltan", esan zuten sagardogileek urtarrileko prentsaurrekoan. Aurten, baina, kupeletako sagardoa mahaian eserita dastatzea adostu zuten: bezeroei edaria mahaira eramatea erabaki zuten neurri modura, "pitxer edo botila gardenetan eta bakoitza bere txartel edota azalpenarekin". Kupelaren zenbakia zehaztuta izango lukete txartelek, "bezeroak uneoro jakin dezan zein sagardo ari den dastatzen". Dena den, mahai bakoitzeko, pertsona batek izango luke jaiki eta ontzia sagardoz betetzeko aukera, "sagardogilearen laguntzarekin".

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak azaldu zuen usadio zaharra dela mahaian eserita dastatzea sagardoa, eta "antzinako kontsumitzeko modua" horixe zela, hain zuzen: "Historian zehar pitxerretan zerbitzatu izan da sagardoa gure sagardotegietan. Aurtengo urtean, egokitu eta findu nahi izan dugu teknika hori".

Artolak dio molde horrek ez duela "zerikusirik txotx egitearekin" eta aitortu du "ez dela berdina", baina "garrantzitsuena", finean, sagardotegiak irekitzea eta sagardo berria aurkeztea zela ondorioztatu du.

Izaera eta gorputza

2020. urtean, "kopuruz txikia" izan zen sagarraren uzta sagardogileen esanetan, baina "izaera handikoa edukiz". "Sagardoek ere hori erakusten dute, izaera eta gorputza", baieztatu zuen Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak urtarrilean. Aurten edari modura erdietsitako emaitzak, hortaz, "konplexutasun handia" duela esan zuten, eta "bilakaera ahalmen handia" duela sagardo berriak.

Zenbakietara jota, Euskal Sagardoaren Jatorrizko Deitura duten 1.200.000 litro sagardo ekoitzi dituzte, iazko uztako bi milioi sagar inguru erabilita. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 48 sagardotegi biltzen ditu Euskal Sagardoak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!