Enpresei zuzendutako saio berri bat prestatu du UKUEk, zibersegurtasuna lantzeko

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 12a, 08:00

"Eskualdeko enpresei, zibersegurtasunaren ikuspegitik, telelanari eta hornitzaileen urruneko sarbideari buruzko hainbat gako eskaintzea" izango da saio horren helburua. Online egingo dute, otsailaren 18an.

Urola Kostako enpresei zuzendutako jardunaldi berri bat antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak, oraingoan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta ZIUR Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroarekin elkarlanean. "Eskualdeko enpresei, zibersegurtasunaren ikuspegitik, telelanari eta hornitzaileen urruneko sarbideari buruzko hainbat gako eskaintzea" izango da saio berezi horren helburua eta, jakinarazi dutenez, "enpresetako kudeatzaileei nahiz IT eta produkzio zuzendariei" bideratutakoa izango da batez ere, "sareko sarbideak seguruak izan daitezen".

Mankomunitateak uste du, "azken urtean, erabat azkartu" dela "lan-munduaren digitalizazioa" eta "enpresek nahiz langileek berehalakotasunez moldatu" behar izan dutela "lantokitik kanpo lan egitera". Dena den, "informazio sareak babesteko" egin den "ahalegina" ez dela berdina izan iritzi dio UKUEk: "Babesgabetasuna inoiz baino agerikoagoa da". "Gero eta ohikoagoak dira ziber-erasoak, eta ez dira nolanahikoak arriskuak: informazioa lapurtzea, une batetik bestera makinak gelditzea, banaketak atzeratu edota bezeroak galtzea, zerbitzuaren jarraikortasuna etetea, eta abar", gaineratu du.

Izen-ematea, zabalik

Otsailaren 18an egingo dute saioa, online. Bi ordukoa izango da, hain zuzen, 09:00etatik 11:00etara. Posta elektroniko bidez eman daiteke izena jada, enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzita, eta ondoko datuak zehaztu beharko dira mezuan: enpresaren izena, IZK, e-maila, harremanetarako pertsonaren izen-abizenak eta telefono zenbakia. Otsailaren 16an amaituko da izen-ematea egiteko epea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!