Uemak Salto! udaleku ibiltaria antolatu du udarako

Karkara 2021ko ots. 13a, 08:30

Ekainaren 28tik uztailaren 4ra egingo da topaketa eta 15-18 urte arteko gazteei zuzenduta dago. Bestalde, ibilaldirako begiraleak eta sukaldariak kontratatzeko deialdia zabaldu du Uemak.

Salto! gazteentzako topaketa berriro egingo da uda honetan, Uemak antolatuta. Iaz, bertan behera geratu zen izurriteagatik, eta aurten "gogo biziz" bultzatu nahi dute antolatzaileek, beti ere "beharrezko osasun neurri guztiak jasota".

Ibilaldian parte hartu nahi duten gaztetxoek izena emateko aukera dute dagoeneko, eta inskripzioa zabalik izango da martxoaren 31 bitartean. Online egin daiteke, hemen klik eginez, telefonoz ere bai 943 816699ra deituta,  edo posta elektronikoz hezkuntza@uema.eus helbidera datuak bidalita.

Matrikulak 89 euroko prezioa izango du.

Herri euskaldunetako gazteen topaketa

Uemak adierazi duenez, "herri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea" da topaketen helburua: Euskaraz bizi diren gazteek "inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea".

Antolatzaileen arabera, aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako programa erakargarria gozatu ahal izango dute parte hartzaileek. Hemen klik eginda informazio gehiago eskuratu daiteke topaketari buruz.

Begiraleak eta sukaldariak hartzeko deialdia

Topaketarako begiraleak eta sukaldariak behar ditu Uemak, eta horiek hautatzeko prozedura abiatu du. Hautaketa prozesuan parte hartu nahi dutenek martxoaren 31 baino lehen bidali beharko dute curriculuma, hemen klik eginda zehazten den prozeduraren eta baldintzen arabera.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!