"Izurriteak ez digu galarazi surf taulak mundu osora bidaltzen jarraitu ahal izatea"

Iñigo Gaiton 2021ko ots. 13a, 12:00
Mikel Agote, artxiboko irudian. Argazkia: Iñigo Gaiton

Mikel Agotek bere negozioa irekitzea erabaki zuen duela lauzpabost urte, Johnny Cabianca bazkide brasildarrarekin batera. Nazioartean inoiz baino surf taula gehiago saldu da 2020an, izurriteak ekonomia globalari kolpea eman arren, eta hari mutur horri tiraka hasi du elkarrizketa.

Nola moldatu zarete azken hilabeteotan?
Osasun krisiaren aurkako neurrien ondorioz, jendeak —aire libreko— kirolari gehiago heldu dio azken aldian. Kostaldeko jende askok surfa probatzeko aprobetxatu du iazko urtea; uretan gutxi ibiltzen zirenak ere maizago azaldu dira hondartzara, eta surfa utzita zuen jendea ere itzuli egin da olatu artera. Horrez gain, bidaiatzeko aukera gutxiago izan denez, kirolerako materialean diru gehiago gastatu da orokorrean, eta hori guk antzeman dugu.

Dena den, bada beste faktore bat: Asia. Han esku-lana merkea denez, surfeko material asko produzitzen da, eta izurriteak itxi egin du Asiarekiko bide hori. Horregatik, logikoa da Europako, Amerikako edo Australiako surf taula fabriketan eskari gehiago izatea.

Kirolari lotutako beste sektore batzuetan ere antzeko fenomenoa gertatu da.
Bai. Jakin dudanez, mendiko bizikleten stock-a ere bukatu egin zen iaz, izurritea hasi eta hilabete gutxira.

Zer nolako eragina du Asiak surf industrian?
Handia. Atera kalkuluak: kortxozko surf taulak, hondartzatan gero eta gehiago ikusten diren horiek, Asian eginak dira denak. Eta, hori, adibide bakarra da.

Gure sektorean Asiak min ikaragarria egiten die hemengo tailer eta fabrika txikiei, oso argi daukat. Asiari bizkarra emango bagenio, eta dena hemen produzitzen hasi, surf sektorean lan postu asko egongo lirateke.

Zuen kasuan, nazioartean ere lan asko egiten duzue. Pandemiak mugatu al du merkatu hori?
Ez. Zorionez, izurriteak ez digu galarazi guk egindako taulak munduko txoko desberdinetara bidaltzen jarraitzea.

Izurriteak lagundu al du hemengo produktua, bertakoa, balioan jartzen?
Teorikoki hala beharko luke, baina ez dakit beste sektoreetako zenbakiek zer dioten horren gainean. Surfaren kasuan, duda egiten dut. Surfa kirol gaztea da oraindik hemen, kultura aldetik nahikoa pobrea, eta ez dakit zenbateraino baloratzen duen jendeak taula bakoitzaren atzean dagoen lana.

Bosgarren urtea egitera doa zuen enpresa. Zer puntutan harrapatu zaituzte osasun krisak?
2016ko udan ireki genituen ateak, eta negozioa egonkortze-bidean zela sortu harrapatu gintuen pandemiak. Martxoan beldurra sentitu nuen ziurgabetasun ikaragarri haren ondorioz, baina zorionez, lan asko egin dugu urtean zehar.

Zuen negozioa zabaldutakoan, esku-lanean aritze hutsetik bulegoan ere lan egitera pasa zinen, enpresaren inguruko erabakiak hartzeko. Zer ikasi duzu?
Enpatia handiagoa dut orain negozio propioak dituztenekiko. Ikaragarria iruditzen zait, adibidez, ostalaritza sektorean gertatzen ari dena. Oso gogorra izan behar du ateak ixtera behartuta egotea, behin eta berriro.

Eta zer lezio atera diozu izurriteari?
Enpresa batek moldatzeko eta aldatzeko prest egon behar duela uneoro. Hemendik aurrera, are gehiago.

Negozioa gobernatzeak uzten al dizu olatu artean nahi adina ibiltzen?
Duela urte batzuk baino gutxiago sartzen naiz uretara, baina inoiz baino surflari zoriontsuagoa naiz. Lehen baino gutxiago eskatzen diot surfari, eta ikaragarri ematen dit bueltan, gutxirekin konformatzen naiz. Hala ere, oraindik gustatzen zait olatu on, borobil eta, tarteka, handi xamarrak hartzea kar kar kar…

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!