Ahotsa izan nahi dute angulen gainean hartzen diren erabakietan

Iñigo Gaiton 2021ko ots. 17a, 11:00
Xabier Murua eta Unai Eizagirre, Oria ibaiaren ertzean lotutako txalupa batean. Argazkia: Iñigo Gaiton

Sortu berri den Euskadiko Angulero Elkarteko kide dira Xabier Murua eta Unai Eizagirre. Indarrak batu nahi izan dituzte arroa desberdinetako angulazaleek, denek helburu bera dutela ohartu eta gero: urte luzez angulak harrapatzen jarraitzea. Besteak beste, angulei buruz egiten diren ikerketen inguruko informaziorik ez zaiela ematen salatu dute.

Gipuzkoako eta Bizkaiko ia berrehun angulazale batzen dituen Euskadiko Angulero Elkartea sortu dute urtarrilean. Indarrak batu nahi izan dituzte arroa desberdinetako lagunek, anguletan urteak daramatzatenen ahotsa entzuna izan dadin.

Hala azaldu du Unai Eizagirre elkarteko presidenteak. «Aspalditik datorren borroka da gurea. Angula harrapaketaren gainean hartzen diren erabakietan mundu osoak hitz egiten du, baina guri ez zaigu ahotsik ematen; erabakiak hartzerakoan ez da gure iritzia kontuan hartzen», hasi da hizketan. Horregatik, urratsa egin nahi izan dute aurrera udalerri eta arroa desberdinetako anguleroek, eta ia berrehun partaide ditu sortu berri den elkarteak. «Jende gehiago batzea aurreikusten dugu, orain zabalkunde handiagoa emango diogulako gaiari. Euskadin 695 lizentzia daudela kontuan hartuz gero, gustura gaude partaide kopuruarekin», dio presidenteak baikor.

Gipuzkoan eta Bizkaian angula harrapatzen den arroa guztietako arrantzaleak daude elkartean. «Ibai bakoitzak bi bozeramaile izango ditu bere ordezkaritzarako, eta bi gehiago arrantza ontziarekin egiten den tokietan; hau da, lehorreko bi eta txalupatik jarduten duten beste bi», zehaztu du Xabier Muruak.

Lehorretik jarduten du berak angula harrapaketan, eta dioenez, modalitate batekoek zein bestekoek izango dute tokia elkartean, taldeak «guztien bilgune» izan nahi baitu.

Informazio falta

Eizagirreren iritziz, angulazaleak saiatu dira elkarlanerako zubiak eraikitzen azken urteetan, baina ezer gutxi jaso dute bueltan. «2003an hasi ginen AZTIrekin elkarlanean, eta 2010ean plan bat onartu zen angilaren biziraupena bermatzeko helburuarekin. Dena den, ikerketetan lagundu izanagatik, ez zaizkigu inoiz horien emaitzak erakutsi; zuzenean erabakiak onartzea besterik ez zaigu geratu izan».

Diotenez, urtez urte murrizten joan da angulazaleek arrantzarako duten egun kopurua, eta lizentzien zifrak ere behera egin du. «Martxotik geldirik gaude izurritearen ondorioz. Bestela, egoera normala balitz, neguan bi hilabete eta erdi izango genituzke arrantzarako; angulak harrapatzeko behar diren baldintzak kontuan hartuz gero —mareak etab.—, lehorretik jarduten direnek 20 egun izango lituzkete anguletarako, eta txaluparekin ibiltzen garenok hamar. Oso gutxi da. Lizentzien kasuan, 2003.urtean egin zen aurreneko banaketa, eta orduz geroztik ez dira gehiago eman; adinean gora joan ahala, jendea arrantza uzten ari da, eta gazteei ez zaie arrantzan hasteko aukerarik eskaini».

Hori guztia dela eta, Eusko Jaurlaritzarekin harreman estuagoa izatea gustatuko litzaieke biei.

Biziraupenaren alde

Bi anguleroek argi dute zein den haien borroka: tradizioari eutsi eta arrantzan jarraitu ahal izatea. «Derrigorrean, gu gara angularen biziraupenean interes handiena duen kolektiboa», diote ahots bakarrera. «Espeziearen biziraupena dela eta, gu seinalatzea da errazena, lau katu garelako». Sarri kontrako ahotsak izaten dituztela eta, gaur egun anguleroen jarduna oso kontrolatua dagoela nabarmendu dute. «Polizia eta ikuskatzaileak gainean izaten ditugu, eta broma gutxi kontu horrekin». 

Erantzun gabeko galdera asko dituztela azaldu dute biek. «Guk salatu izan dugu Orioko errioan ez dagoela bizirik; lehen alga gehiago zegoen, izkirak, hamarrak, arrain txikiak... Uraren kalitatea lehen baino hobea dela diote zientzialariek, baina biodibertsitatea galdu egin da».

2010ean egin zen planean, zientzialariek eta agintariek «anguleroen jarduna murrizteari» eman zioten garrantzia, bien iritziz. «Espeziearen biziraupenean eragina duten beste faktoreekin, berriz, ez dakigu zer gertatu den edo nola aztertu diren. Orioko kasuan, ikertu al da kanpoko barrak errioan izan duen eragina? Bestalde, gure jarduna murrizteak izan al du eragin positiborik espeziearen erreprodukzioan? Galdera asko daude, eta guk, orain artean behintzat, ez dugu erantzunik jaso».

Aurrerantzean, elkarte modura funtzionatuz, informazio gehiago eskuratzeko aukera izatea espero dute. «Lehen arroaka egiten zituen bilerak Eusko Jaurlaritzak, eta informazio desberdinak zabaltzen ziren han eta hemen. Orain, bat eginik, espero dugu informazio argiagoa izatea, denok interes bera dugulako: urte luzez angulak harrapatzen jarraitzea», dio itxaropentsu presidenteak. 

Lanerako «gogotsu» daudela nabarmenduz agurtu dira biak. «Badakigu borroka zaila dugula aurrean, baina saiatu beharra daukagu; ezin dugu besterik egin, etorkizunean anguletara ateratzen jarraitu nahi badugu». 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!