Udal elkarteak otsailaren 25era atzeratu du zibersegurtasunari buruzko jardunaldia

Karkara 2021ko ots. 17a, 09:00

Otsailaren 23a izango da online egingo den jardunaldian izena emateko azken eguna.

Urola Kostako Udal Elkarteak azaldu duenez, "enpresa eta langileak, sarean, etengabeko informazio trukean ari diren honetan babesgabetasuna inoiz baino agerikoagoa da", zibersegurtasunaren ikuspegitik. Hori dela eta, gaiari buruzko jardunaldia antolatu zuten, enpresetako kudeatzaileei nahiz IT eta produzkio zuzendariei zuzenduta. Orain, data atzeratu dute otsailaren 25era, eta online egingo dute jardunaldia.

"Telelana eta hornitzaileen urruneko sarbidea izango dira aztergai", azaldu du udal elkarteak, zibersegurtasunean sakondu eta hainbat estrategia-teknika ezagutzeko. Bide batez, ZIUR Fundazioaren —Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa— lana ere ezagutaraziko da jardunaldian, harekin batera antolatua izan baita egitasmoa. 

Saioa 09:00etatik 11:00etara egingo da, eta izen ematea enpresa@urolakosta.eus helbidean egin behar da, enpresaren izena, IZK, harremanetarako pertsonaren izen abizenak eta telefono zenbakia zehaztuz.

Otsailaren 23an bukatuko da izena emateko epea. Informazio gehiago 943890808 telefonoan edo aipatutako e-postan eskuratu daiteke.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!