Bazkidetu eta aurreztu dirua

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko ots. 19a, 09:37

Aldundiak abiatutako kanpainari esker, maiatza baino lehen tokiko egunkari edo aldizkarietan bazkidetzen denak hamabi euro gutxiago ordainduko ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat kanpaina egin ditu kultur kontsumoa sustatzeko, besteak beste Kultur Bonoak eskainiz; hau da, deskontuak eskaintzen zaizkie herritarrei, horiek musika eta liburu produktuak kontsumi ditzaten. Deskontuak handiagoak dira euskarazko produktuak direnean, eta apalagoak, beste hizkuntzetakoetan.

Irakurzaletasuna bultzatzeko bide horretan, aldundiak eta Tokikom tokiko komunikabideen sareak hitzarmena sinatu dute, herritarrek deskontuez gozatzeko aukera izan dezaten herri aldizkarietara bazkidetzea aukeratzen badute. Hala, maiatzera arte, aukera dago tokiko euskarazko egunkari eta aldizkarietara hamabi euro gutxiago ordainduta harpidetzeko. Bazkidetzen denak zuzenean kopuru hori gutxiago ordainduko du harpidetza egiteko unean, eta ondoren, aldundiak itzuliko dio diferentzia hori Tokikomi, eta horrek, dagokion hedabideari.

KARKARA-n harpidetza egiten dutenek ere kultur bonoak erabiltzeko aukera izango dute. Harpidetzeko nahikoa da mezua idaztea bazkide@ukt.eus korreora. Telefonoz nahiago izatera, 943-81 38 41 zenbakira deitu behar da.

Aldundiak lurraldeko liburu dendak izan ditu bidelagun kultur bonoak zabaltzerakoan, eta aldundiaren webguneko Piztu Kultura atalean, liburu denden mapa txertatu du, saltoki horietako bakoitzaren informazioa eskainiz. «Kultura Departamentuak kulturaz gozatzea bultzatu nahi du, eta kultur edukien sare komertzial eta banatzailea indartu, hala nola kultur produktuen eskaintza zabala eskaintzen duten liburu dendak eta disko dendak», adierazi zuen bere garaian Harkaitz Millan Kulturako diputatuak. Urola Kostan hiru saltoki ageri dira mapan: Orioko Ontza, Azpeitiko Diart eta Zarauzko Garoa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!