Azken astean nabarmen egin dute behera koronabirus kasuek Aian eta Orion

Aiora LarraƱaga Solaberrieta - Juan Luis Romatet 2021ko ots. 19a, 15:07

Hain zuzen ere, azken astean hiru positibo atzeman dituzte Aian eta bi Orion. Gaur eguerdian Osakidetzak eman dituen datuak kontuan hartuta, berriz, 100.000 biztanleko metatutako kasuen tasa 151koa Aian eta 228,13koa da Orion.

Hirugarren olatuaren une gogorrenak atzean uzten ari dira Aia eta Orio. Izan ere, azken astean nabarmen egin dute behera koronabirus kasuek bi herrietan, eta gaur-gaurkoz eremu horian kokatuta dago Orio –Aiak 5.000 biztale baino gutxiago dituenez, ez da Eusko Jaurlaritzaren semaforo sisteman sartzen–. Hain zuzen ere, azken astean hiru positibo atzeman dituzte Aian eta bi Orion. Datu onak dira aurreko asteetakoekin konparatzen baditugu: aurreko astean intzidentzia tasa 1.272tik 619ra jaitsi zen Orion eta 1.057tik 302ra Aian. Gaur eguerdian Osakidetzak eman dituen datuak kontuan hartuta, berriz, 100.000 biztanleko metatutako kasuen tasa 228,13koa da Orion, eta 151koa Aian.      

 

Eskualde mailan, atzo beste bederatzi positibo zenbatu zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Urola Kosta. Gaitzak eskualdean jarraitzen badu ere, nabarmendu behar da 5.000 biztanletik gorako herri guztiak eremu horian aurkitzen direla.  Bederatzi kasu hauetatik lau Zarautzen detektatu ditu Osasun Sailak. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak gora egin du herrian, baina oraindik ere horiz margotuta jarraitzen du Zarautzek. Gaur-gaurkoz 278,41 puntuko intzidentzia tasa dute zarauztarrek. Kasuen hazkunde txiki bat izan du Zumaiak ere azken egunotan. Bi kasu gehitu zituen atzo Osakidetzak herrian, eta intzidentzia tasa 213,70ekoa dute herrian. Aian, Getarian eta Zestoan, berriz, kasu bana izan dituzte. Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Beizaman eta Errezilen, berriz, ez dute positiborik zenbatu azken egun honetan.

Kasuak behera Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herri mailan ere beheranzko joera hartu du izurriteak. 570 positibo izan ziren atzo lau lurraldetan.  10.234 proba egin zituen atzo Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 505ek eman zuten positibo; hala, %4,9ko positibotasun tasa izan zen atzo hiru lurralde hauetan: Araban 67 kasu izan ziren, 284 Bizkaian eta 149 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpoko bost lagunek ere positibo eman zuten atzo. 

Erietxeetako datuei dagokionez, atzo beste 54 lagun ingresatu zituzten Osakidetzako ospitaleetan. Gaur-gaurkoz, 391 lagun daude ospitaleratuta, eta horietatik 156 ZIUetan. Bezperan baino hiru lagun gehiago dira. 

Nafarroan, berriz, ehun kasutik behera izan dituzte beste behin ere. 65 positibo detektatu zituzten atzo egindako 1.793 probatan. Ondorioz, positibotasun tasa %3,6ra jaitsi da lurralde honetan.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!