Gutuna: Herritarrei eta horien segurtasuna zaindu behar dutenei

Karkara 2021ko ots. 20a, 10:06

Oriotik Zarautzerako bidean, gaur goizean ikusitakoa azaldu eta salatu nahi du oriotar batek gutun honetan. Honela dio pasarte batean: "Egunen batean istripu larria izango da, eta orduan zer esango dute ertzainek, beraiek horrela dabiltzanean?".

Orioko bizilagun batek honako gutuna helarazi du KARKARAra, gaur goizean bertan errepidean ikusi duena hizpide hartuta.

"Askotan egiten dut Orio eta Zarautz arteko bidea, lanagatik. Eta aspaldi da Zarauztik etxerako bidean, bigarren erreia erabiltzeari utzi niola. Zergatik? Bada, Oriotik Zarautzerako bidean, Orioko gaina pasa ondoren askotan ikusi ditudalako ibilgailuak, gehienetan autoak, baina baita furgonetak eta autobusen bat ere, txirrindulariak pasatzen ondoko erreira sartuta. Eta bidearen zati handi batean, ezin da horrelakorik egin, edozein unetan behetik gora agertzen delako beste ibilgailuren bat bigarren errei horretan, abiadura bizian. Behetik gora doazenak egoki ari dira; goitik behera doazenak bigarren erreira pasata, ez.

Behin baino gehiagotan pasa izan zait burutik Zarauzko Ertzainetxera joatea ere, azaltzera nire kezka, ea zerbait egin dezaketen. Izan ere, egunen batean istripu larriren bat gertatuko dela ziur naiz. Baina zer esango dute bada, ertzainek, beraiek ere horrela ibiltzen badira?

Gaur goizean pena handiz ikusi ditut ertzainak, izan ere, txirrindulariak pasatzeko asmoz, beste erreira sartzen, eta handik metro batzuk egiten. Onartzen dut aurreneko aldia dela polizia hori egiten ikusi dudana, baina zer pentsatua ematen dit, eta gutun honetan utzi nahi nuke jasota, herritarrok eta herritarron segurtasuna bermatu behar dutenek, denok, hausnarketa egin dezagun.

Eskerrik asko".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!