Haurreskolak Patzuergoko grebak %28ko jarraipena izan du Orion

IƱigo Gaiton 2021ko ots. 22a, 10:53

Orioko Maria Maestrea Haurreskolan bi hezitzailek egin dute greba. Aiako Kimu Haurreskolan "borrokaren alde" agertu dira langileak, baina ez dute grebarik egin, bi hezitzailek osatzen dutelako lan talde osoa.

Hiru eguneko lanuzteak daude deituta Haurreskolak Partzuergoaren zentroetan, gaurtik hasi eta asteazkenera bitartean. ELAk, LABek eta Steilasek egina da deialdia, hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza saileko arduradunen "negoziatzeko borondate eza" salatu dute deitzaileek, eta "langileen baldintzak okertu ez ezik, partzuergoa bera arriskuan jartzen duten aldebakarreko erabaki politikoak" kritikatu dituzte.

Maria Maestra Haurreskolari dagokionez, grebak %28ko jarraipena izan du. Zazpi hezitzailek egiten dute lan Orioko haurreskolan, eta horietatik bik egingo dute hiru eguneko greba. Lanuzteak ez du eragin handiegirik izan zentroaren eguneroko martxan; ordutegi aldetik berdin ari dira lanean, baina egunaren zati batean, COVID-19aren aurkako ikasleen burbuila bat hautsi egin beharko dute, zerbitzu osoa eskaintzen jarraitu ahal izateko. Ikasle kopuruari erreparatuz gero, ez da aldaketa handiegirik izan; 30 ume dituzte haurreskolan, eta greba deialdiagatik bizpahiru geratu dira etxean.

Aiako Kimu Haurreskolan "borrokaren alde" agertu dira hango hezitzaileak, baina zentroaren ezaugarriengatik, grebarik ez egitea erabaki dute. Izan ere, bi hezitzailek egiten dute lan Aian, eta gutxiengo zerbitzuak betetzera derrigortuta daudenez, greba egin arren haurreskolan egon beharko lukete, eta deialdiak ez luke ia eraginik izango.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!