Asteburuan ez dute positiborik atzeman Aian eta Orion

Julene Frantzesena 2021ko mar. 1a, 13:04

Hamalau eguneko intzidentzia tasa 352koa da Aian eta 163koa Orion.

Koronabirusaren pandemiaren hirugarren olatuak moteltzera egin du nabarmen Hego Euskal Herrian, eta Urola Kostan ere agerikoa da kasu positiboen kopuruaren beherakada. Azken boladan asteburuetan izan den positibo kopururik baxuena pasatu berri denean zenbatu dute; izan ere, Aian eta Orion ez dute kasu berririk atzeman, eta, hamalau eguneko intzidentzia tasa 352koa da Aian eta 163koa Orion.

Urola Kostan orotara, ostiraletik igandera bitartean, 23 positibo detektatu ditu Eusko Jaurlaritzan Osasun Sailak. 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiak 200dik beherako intzidentzia tasa dute; hau da, 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa asko jaitsi da herri horietan; eta beraz, eremu horian dira Orio, Azkoitia, Azpeitia, Zarautz eta Zumaia. Dena den, PCR edo antigeno probak egin dituzten herritar batzuek eman dute positibo herri horietan: Azpeitiak seik, Zumaian hiruk, Zarautzen bik eta Azkoitian batek.

Eskualdean intzidentzia tasa altuena duen herria, berriz, Zestoa da. Asteburuan zazpi positibo atzeman dituzte herri horretan, eta gaur-gaurkoz, 590,65 da hango tasa. Hala eta guztiz, 10.000 biztanle baino gutxiago dituenez, ez da eremu gorrian sartu herria. Gainerakoan, Errezilen eta Aizarnazabalen positibo bana zenbatu dute ostirala eta igandea bitartean, eta Getarian, berriz, bi lagunek eman dute positibo.

Datuak hobetzen
Hego Euskal Herrian ere hobetzen ari dira COVID-19ari lotutako datuak. Atzo 128 positibo atzeman zituzten Bizkaian, 78 Gipuzkoan, 41 Araban eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi den pertsona batek ere eman zuten positibo PCR eta antigeno probetan. Datu horiek tarteko, 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 255,03n kokatu da. Oinarrizko birsorkuntza tasa, berriz, 0,87 da.

Nafarroan, berriz, joan zen uztailaz geroztik izan den kutsatu kopuru txikiena atzo zenbatu zuten: 42 lagunek eman zuten positibo Osasunbideak egindako probetan. Horrenbestez, azken hogei egunetan ehun positibo baino gutxiago zenbatu dituzte Nafarroan egunez egun. Positibotasun tasak gora egin du, dena den, gauzatutako proba kopurua ere asko jaitsi delako: 784 proba egin zituzten eta positibotasun tasa %5,4 da.

Ospitaleetako egoera ere hobera egiten ari da pixkanaka bada ere. Atzo 120 lagun zeuden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ZIUetan, duela astebete baino hamalau gutxiago. Orotara, 22 lagun ospitaleratu zituzten atzokoan, eta gaur egun 299 pertsona daude hiru lurralde horietako ospitaleetan koronabirusaren harira. Nafarroako Gobernuak ez ditu ospitaleetako datuak jakinarazi.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!